Txikipedia:Harri lehorrezko horma

Wikipedia, Entziklopedia askea

Harri Lehorrezko hormak baserri inguruetan eraiki ziren harrizko horma txikiak dira. Garai batean baserritarrek haien etxeko lurretan eraikitzen zituzten eta ondoren, egoera onean egon zitezen mimo handiz mantendu ere egiten zituzten.

Non topatu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan baserri inguruko aktibitatea desagertu egin den heinean, horma zahar asko erori, desagertu eta sasien artean aurki ditzazkegu. Hau dela eta, gaur egun horma zahar askok haien funtzioa galdu dutela pentsa daitekeen arren, urte askotan garrantzi handikoak izan dira baserri lanetan. Antzinan horma hauek lurraldeak banatzeko, eremuak mugatzeko, baratzeak mugatzeko eta animaliek ihes ez egiteko erabili izan dira.

Materialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserri inguruetako horma zaharren materialak aztertuz gero, hauek eraikitzeko gertuko inguruneak eskaintzen dituen materialak erabiltzen zirela ikus daiteke. Beraz, horma zaharren materialak aztertzeak inguruko zonaldearen geologia ezagutzeko aukera ematen du, inguruko geologiaren laginak izango dira azken finean. Horren adibide garbia dugu, Zumaian, Algorri inguruko baserrietan dauden horma zaharrak kareharri grisez eta gorriz eginak daude, ez dute hormigoirik, harri bat bestearen gainean jarriz eraiki ziren bere garaian.

Kareharria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harri sedimentario bat da, kaltzio karbonatoz osatua zehazki. Uretan pilatutako sedimentuak itsaso ondoan solidifikatuz sortu ziren harri sedimentarioak. Euskal mendi gehienak kareharriz osatuta daude eta beraz eraikin asko daude Euskal Herrian kareharriz eginak.

Fauna eta Flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horma zaharrek biodibertsitatean betetzen duten funtzioari erreparatzen badiogu, horma hauetan hormigoirik ez dagoenez, horma zaharretan harrien artean zirrikitu eta zulotxoak sortzen dira eta zirrikitu horietan bizitza sortu eta mantentzeko baldintza onak izaten dira. Batetik, hezetasuna mantendu egiten da eta bestetik, tenperatura egonkorragoa izaten da. Bi aspektu hauek goroldioentzat eta hainbat landare berezientzako txokoak sortzen dituzte. Horma hauen zulotan sustraiak elikatzeko ura eta lurra dago, beraz, oso ondo bizi daitezke landareak horrelako horma batean. Gainera hormari ere sendotasuna ematen diote harriak beraien artean finkatuz. Hormaren orientazioaren, zuloaren tamainaren eta bestelako faktoreen arabera, landare mota batzuentzat edo beste batzuentzat egokia izan daiteke. Honetaz gain, animalientzako ere oso leku egokiak dira horma zaharrak. Horma zaharren zulotxoetan intsektuak, ornogabeak, anfibioak edo narrastiak egon daitezke, bertan bizi, ugaldu eta babestu egiten dira, baita hegazti batzuek jana gordetzeko erabil ditzazkete zirrikitu hauek ere. Modu honetan, horma zaharretako zuloetan hainbat espezientzako babesguneak sortzen dira.