Wikipedia, Entziklopedia askea

Harrikatz

Harrikatza, ikusten duzuenez beltza da.

Harrikatza edo ikatza izenaz deitua, harri beltz eta gogor bat da, erregai modura erabiltzen dena. Gehienbat karbonoz osatuta dago eta landare-jatorria du. Aspalditik erabiltzen da erregai moduan, batez ere berokuntzarako eta elektrizitatea sortzeko, baina orain lehen baino gutxiago erabiltzen da. Harrikatza beste gauza asko fabrikatzeko ere erabiltzen da: pinturak edo plastikoak, adibidez. Iraganean, makinek eta lokomotorrek harrikatza erretzeari esker funtzionatzen zuten.

Nola sortua da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aspaldi-aspaldian landareak hil ondoren lokazti batean lurperatuta geratzen zirelako edo lurrak estaltzen zituelako sortua da harrikatza. Hori gertatzen zenean, ezin zen airerik sartu. Denboraren poderioz, lur-geruza gehiago gainjartzen ziren. Oso pisutsuak ziren eta azpian zeuden landare-hondakinak zanpatzen zituzten. Horrela sortzen zen zohikatza lehendabizi eta gero harrikatza.

Baina horrek guztiak denbora asko behar izaten du. Lignitoak 20 - 60 milioi urte inguru ditu eta lurrazala baino metro batzuk beherago egoten da. Hori dela eta, aire zabaleko meategietan ateratzen da.

Harrikatza denbora luzeagoz egon bada lurrean, 250 eta 300 milioi urte artean, oraindik eta trinkotuago egoten da, eta ondorioz gogorragoa eta ilunagoa izaten da. Harrikatz mota hau lurrazala baino ehunka metro beherago egoten da. Hura ateratzeko putzu sakonak egin behar dira lurrean, eta ondoren lurpeko tunelak zulatu.

Munduko ikatz ekoizle handienak hurrengo herrialde hauek dira:

Egur-ikatza ere ikatza al da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egur-ikatza barbakoak egiteko erabiltzen da. Ez dator lurretik eta ez da harrizkoa, egurretik sortzen baita.

Izan ere, egur-ikatza egiteko, egur zatiak txondor batean pilatzen dira. Gainean lurra jartzen da. Gero azpitik sua ematen zaio txondorrari. Egurrera aire pixka bat baino ez da iritsiko jarritako lurrari esker; eta horrela, egurra ez da erreko, lehortu egingo da eta ikaztu egingo da, neurri handi batean. Ikatza egiteko modu hori oso zaharra da eta bada oraindik Euskal Herrian egur ikatza egiten dakien jendea.