Wikipedia, Entziklopedia askea

Herkules

Eduki-taula

Herkules, estatua erromatar batean.

Herkules Jupiter jainkoaren eta Alkmena emakume hilkorraren semea zen antzinako erromatarren mitologian; greziar mitologian, Herakles izena zuen, eta Zeus zuen aita. Hera jainkosak gorroto zuen Herkules eta bi suge bidali zizkion sehaskara. Hala ere, garaitu egin zituen Herkulesek. Umetan, Kiron izeneko zentauroa izan zuen tutore.

Herkules gaztea zela, bi emakume ezkongabe hurbildu zitzaizkion. Arete izenekoa bertuteen errepresentazio zuzena zen eta Kakia, aldiz, bizioen ispilu. Kakiak plazera eta aberastasuna eskaini zizkion. Aretek, aldiz, loria baino ez zion eskaini, gaizkiaren aurkako bizitza osorako borrokaren truke. Herkulesek Arete aukeratu zuen.

Herak eragin zion eroaldi batean Herkulesek bere seme-alabak hil zituen. Egin zuen izugarrikeria horren ordainetan, bere lehengusu Euristeo erregea zerbitzatu behar izan zuen, Herkulesen 12 lanak izenarekin ezagutzen diren zereginak egiteko agindu ziona.

Lan guztien artean lehenengoa Nemeako lehoia hiltzea izan zen. Lehoia ito zuen, eta ondoren, haren larrua jantzi. Geroagoko batean, Hidra akabatu zuen, bederatzi buruko suge ikaragarria. Hirugarren eta laugarren lanak bi izaki basati harrapatzea izan ziren: urrezko adarrak zituen Zeriniako oreina eta gero Erimantoko basurdea.

Hurrengo lanean, Herkulesek Augiasen ukuiluak garbitu behar izan zituen, azken 30 urteetan garbitu gabe egon ondoren. Horretarako, bi ibai pasarazi zituen ukuiluetatik, Alfeo eta Peneo ibaiak, eta lana egun bakar batean amaitu zuen. Gero Estinfaloko txoriak akabatu zituen eta baita Kretako zezena hezi ere. Jarraian, Traziako errege Diomedesen behor basati eta haragijaleak lapurtu eta Diomedes hil zuen, zaldiei jaten emateko. Amazonen erregina Hipolita hil zuen eta haren gerrikoa eskuratu behar izan zuen. Hamargarren egitekoa kondairetako Eritia uharte ospetsuan bizi zen Gerion munstroaren idiak harrapatzea izan zen.  

Azkeneko bi lanak izan ziren denetan zailenak. Hamaikagarrenean Hesperide izeneko lau ninfa ahizpek zaindutako lorategiko urrezko sagarrak lapurtu behar izan zituen Herkulesek. Atlas zen lau ahizpen aita, munduari haren bizkarrean eusten ziona. Herkulesek Atlasen lekua hartu zuen honek sagarrak hartzen zituen bitartean. Amaitzeko, Hadeseraino bidaiatu zuen Herkulesek eta bertan harrapatu zuen Zerbero, hainbat buru zituen eta azpimunduko atea zaintzen zuen txakurra. Zerbero Euristeoren aurrera eraman zuen, baina erregea hainbeste izutu zen, Herkulesek Hadesera itzuli behar izan baitzuen munstroa.

Behin 12 lanak burutu zituenean, Herkules libre gelditu zen, baina beste balentria batzuk ere egin zituen. Nessus zentauroa Herkulesen emazte Deianeira bahitzen saiatu zen. Herkulesek Nessusi gezi pozoitu bat bota zion. Hilzorian zegoen zentauroak beraren odol pixka bat kutun bezala gordetzera behartu zuen Deianeira. Herkules beste neska gazte batekin maitemindu zenean, Deianeirak soineko bat bidali zion zentauroaren odolarekin zikinduta. Herkulesek jantzi egin zuen eta pozoia sua bezala hedatu zitzaion gorputzean zehar. Oeta mendira ihes egin zuen orduan, hileta baterako prest utzi zuen sua eta bere burua sutara bota zuen bertan hiltzeko.

Herkulesen indar izugarria artelan askoren inspirazio-iturri izan da. Adibide on bat Herkules Farnesio da, antzinako Lisipo eskultorearen aurreko lan baten kopia.