Wikipedia, Entziklopedia askea

Hiroshima

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
1.306.589
🔎
Azalera
905,01 km²
🌄
Altuera
📷
Argazkiak
ikusi
Hiroshima eta Nagasaki, Japoniako mapan.

Hiroshima Japonia hegoaldeko hiri bat da. 2014ko erroldaren arabera, 1.184.208 biztanle ditu eta Japoniako 11. hiri handiena da. Gaur egun, hiria arrantza portu eta industriagune garrantzitsu bat da. Altzairua, autoak, kautxua, produktu kimikoak, itsasontziak eta makineria ekoizten dituzte hiriko lantegiek.

Hiroshima izan zen historiako lehen bonbardaketa atomikoa jasan zuen hiria; 1945eko abuztuaren 6an gertatu zen Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Estatu Batuetako Enola Gay izeneko B-29 hegazkin bonbaketariak lehen bonba atomikoa bota zuenean hiriaren gainean. Leherketaren unean, 80.000 pertsona inguru hil ziren, eta urtebeteren buruan, erradiazioaren ondorioz, hildakoak 140.000 ziren, hiriak lehenago zeukan biztanleriaren % 40, gutxi gorabehera. Hiriko zati handi bat erabat suntsitua geratu zen.

Gerraren ondoren, hiria osorik eraiki zen berriro, baina erdialdea bonba atomikoa lehertu ondoren geratu zen bezala gorde zen, hondamena gogorarazteko. 1949an, Bakearen Hiria izendatu zen, eta gaur egun hiriko erakundeek lanean dihardute munduko arma nuklear guztiak deusezta daitezen. 1955ean, Hiroshimako Bakearen Memoriala inauguratu zuten, eta 1966. urtean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen.

Bonbak eztanda egin zuen Hiroshimako tokia Bakearen Oroimen Parkea da orain. Museo bat eta hildakoen omenezko monumentuak daude bertan.