
Homo sapiens da gizaki modernoari dagokion espeziea. Hominidoen familiatik bizirik dirauen espezie bakarra da.
Izan ere, Homo sapiensak ez dira Lurrean existitutako gizaki bakarrak. Homo generoko beste giza espezie batzuk egon ziren aurretik, eta, garai batean, Homo sapiensak beste giza espezie batzuekin batera bizi izan ziren, Europako eta Asiako neandertalekin eta denisovarrekin, adibidez. Gainera, ikerketa genetikoek erakutsi dute Homo sapiensak beste bi giza espezie horiekin gurutzatu edo nahastera ere iritsi zirela; horren froga da, adibidez, Europa eta Asiako jatorria duten pertsonek % 1 eta % 3 bitarteko ADN neandertala dutela. Beste bi espezie horiek, denborarekin, desagertu egin ziren, eta Homo sapiens espeziea izan zen bizirik geratu zen giza espezie bakarra, segur aski inguruneko baldintzetara egokitzeko gaitasun handiagoa zutelako.
Non sortu zen?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie hau duela 300.000 bat urte Afrikan sortu zen. Informazio hori Afrikako kontinentean aurkitutako fosilek eman digute. Aurkitu diren Homo sapiensaren aztarnarik antzinakoenak Marokon topatu dira eta duela 315.000 urte ingurukoak dira.
Duela 70.000 bat urte, Homo sapiensak Afrikatik ateratzen hasi ziren. Prozesu horri “migrazio handia” deitu zaio. Geroztik, beste kontinenteak kolonizatu zituzten eta ingurune desberdinetara egokitu ziren. Europan, garai hartako klima hotzetara egokitu behar izan zuten, eta horretarako arropak egiten hasi, babeslekuak aurkitu eta teknologia berriak garatu behar izan zituzten bizirik iraun ahal izateko. Amerikara, Bering itsasartetik igaro ziren duela 15.000 bat urte.
Eboluzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eboluzioan, Homo sapiens gizakiek beste hominidoetatik bereizten zituzten ezaugarriak garatu zituzten:
- Burmuin handiagoa: gure espeziearen burmuinak 1.300 cm3 kubikoko batez bestekoa du. Horri esker hizkuntza, arrazoiketa eta sormena garatu ahal izan ditugu.
- Jarrera tentea: bi hanketan ibiltzeak gure eskuak libre utzi zituen. Hori funtsezkoa izan zen erremintak erabiltzeko.
- Aurpegi lauagoa eta mandibula ez hain nabarmena: aurreko arbasoekin konparatuta, Homo sapiensak garezur biribilagoa dute eta kopeta altuagoa.
Trebetasunak eta kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Homo sapiens izenak “gizaki jakintsua” esan nahi du latinez. Pentsamendu konplexuak garatzeko dugun gaitasunagatik eman zaio izen zientifiko hori.
Izan ere, burmuinaren garapenari esker, Homo sapiensaren ezaugarri nagusienetakoa kultura sortzea da. Hau da, bizitzeko moduak, sinesmenak, artea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren erremintak sortzeko gaitasuna.
Hizkuntzaren kasuan, Homo sapiensek komunikatzeko era konplexua garatu zuten. Horrek, besteak beste, pentsatzeko gaitasuna garatu eta taldean lan egiteko aukera eman zien. Hori egundoko desberdintasuna izan zen beste espezieekin konparatuta, eta badirudi funtsezkoa izan zela espeziearen iraupenerako.
Erreminta eraginkorrak asmatu zituzten: harrizko, hezurrezko eta egurrezko hainbat tresna, ehizatzeko eta babeslekuak eraikitzeko. Hauek ere funtsezkoak izan ziren espeziearen iraupenerako.
Bestalde, artea eta sinbolismoa ere garatu zituzten. Homo sapiensak izan ziren artea sortu zuten lehenak. Lascaux eta Altamirako labar-pinturak adibidez, sormena-gaitasuna eta pentsamendu abstraktua islatzen dituzte.
Bestalde, hiltzen zirenak lurperatzen zituzten. Horrek esan nahi du bizitzaren eta heriotzaren inguruko sinesmenak ere bazituztela.