Wikipedia, Entziklopedia askea

Hondakin

Katrina urakanak 2005ean eragindako hondakinak

Hondakinak zerbait erabili, desegin edo suntsitu ondoren gelditzen diren gauzak dira; behar edo nahi ez ditugun gauzak izan daitezke, puskatuta edo hondatuta daudenak edo balio ez digutenak, hala nola plater apurtuak, jostailu hondatuak edo pixoihal erabiliak. Batzuetan, zaborra ere deitzen diegu gauza horiei, baina, ohiko hizkeran, zaborra etxean sortzen ditugun eta botatzen ditugun gauzak dira; ekologiaren ikuspegitik, gainera, hondakinak beste gauza asko ere izan daitezke, baina gehienetan industria-jarduerek sortutakoak izaten dira, substantzia solidoak, likidoak eta baita gasak ere. Hondamendiek ere hondakinak sortzen dituzte, eraikinak edo naturako hainbat elementu ere hondatzen dituztenean.

Dena dela, hondakin asko, bai eta zaborretara botatzen ditugun ter asko ere, arazo handirik gabe berrerabil daitezke. Adibidez, beira edo kristalezko botilak edo plastikozko ontziak eta beste gauza asko birziklatu daitezke, berriro erabiltzeko edo beste botila edo produktu batzuk egiteko; horri birziklatzea deitzen diogu. Horregatik, ez da egia hondakinek ez dutela balio. Birziklatu daitezkeen materialei birziklagarri deitzen zaie, edo berrerabilgarriak berriro erabili badaitezke.

Hondakinak kontu handiz tratatu behar dira ingurumena babesteko. Hasteko, ingurumena zaindu nahi badugu eta ahalik eta hondakin gutxien sortu, hobe da erosten dugunean ere kontuz ibiltzea; hau da, hobe dugu hondakin gutxiago sortzen duten produktuak erostea (adibidez, plastikorik ez duten produktuak denda edo supermerkatuetan). Gainera, hondakinak sortzen dituzten substantzia asko petroliotik ateratzen dira, eta petrolioa Erregai fosil kutsagarria da eta kopuru mugatuan daukagu, ez da baliabide berriztagarri.

Bestalde, hondakinek gure osasuna ere kaltetu dezakete. Hondakinetan, gaixotasunak sor ditzaketen bakterio eta onddoak egon daitezke. Aspaldiko garaietan, baina oraindik ere bai zenbait lekutan (herrialde pobreetan, adibidez), hondakinek eta zaborrek eragiten zituzten gaixotasun eta epidemia larriak.

Zer egin behar dugu material birziklagarriekin?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mota askotako material birziklagarriak daude. Adibidez, hondakin organikoak (hau da, zaborretara botatzen dugun janaria edo etxeko landareei mozten dizkiegun adarrak eta abar) zaborrontzi marroian utzi behar ditugu; izan ere, konposta izeneko ongarria atera daiteke, lorategietan erabiltzeko; berokuntzan erabiltzeko gasa ere atera daiteke hondakin organikoetatik.

Beira edo kristalezko botilak ere birzikla daitezke; fabriketan, beira hori urtu eta botila berriak edo bestelako objektuak egiteko erabil daiteke. Gauza berbera gertatzen da aluminiozko latekin. Erabilitako papera edo kartoia ere erabil daiteke paper edo kartoi berria egiteko. Horretarako, hondakin bakoitzari dagokion zaborrontzian utzi behar dugu: beirazko botilak iglu edo zaborrontzi berdeetan, papera eta kartoia zaborrontzi urdinetan, eta plastikozko objektuak edo aluminiozko latak zaborrontzi horietan.

Tresna elektronikoak (telebistak, ordenagailuak, telefonoak, etab.) leku berezi batzuetara eraman behar dira, ordea, puntu berdeetara, hain zuzen; ez dira zaborrontzietara bota behar.

Birziklaru edo berrerabili ezin daitezkeen gauzak, ordea, zaborrontzi grisetan utzi behar ditugu. Izan ere, hondakin horiek normalean erre egiten dira, ez dira zabortegietan uzten leku asko okupatzen dutelako eta gero eta zabortegi handiagoak beharko genituzkeelako. Hondakin horiek erraustegi izeneko planta berezi batzuetan erre behar dira, ahalik eta kalterik txikiena egiteko ingurumenari; hala ere, jende asko erraustegien aurka daude, ez dutelako sinesten kalterik ez dutela eragiten.