Wikipedia, Entziklopedia askea

Ilustrazioa

Voltaire filosofoa, Ilustrazio garaiko pertsonaia nabarmenentako bat.

Ilustrazioa (Argien Garaia ere deitzen zaio) Europan XVII. eta XVIII. mendeen artean garatu zen mugimendu kultural eta intelektual bat izan zen. Frantzian sortu zen, eta berehala hedatu zen Alemania, Espainia, Erresuma Batura eta Estatu Batuetara ere, eta Euskal Herrian Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zen garai hartako emaitzarik nabarmenena.

Ilustrazioaren ideiak hainbat pentsalariren ekarpenetan izan zuten jatorria: Montesquieu, Rousseau, Voltaire, etab.

Ilustrazioa edo Argien Garaia deitzu zitzaion arrazoiaren argia erabili nahi zelako gizateria inguratzen zuten ilunbeak desegiteko eta superstizioa eta ezjakintasuna deusezteko ere. Ilustrazioa hainbat aurkikuntza zientifiko, asmakuntza eta iraultzaren oinarrian dago (adibidez, Estatu Batuen independentzia-aldarrikapena, Frantziako iraultza).

Ilustrazioko pentsamenduak auzitan jarri zituen ordura arteko egitura politikoak eta balio-sistema tradizionala (erlijioa, monarkia absolutua, zientziak, etab.). Politikan, ilustrazioaren isla despotismo ilustratua izan zen; baina horrekin batera teoria errepublikar eta antikolonialistak agertu ziren eta horiek izango ziren Ilustrazioari amaiera emango zion iraultza burgesaren oinarria.

Ideia nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pentsamendu-joera honen ideia nagusiak honako hauek ziren:

  • Egia ezagutzeko, arrazoibidea erabiltzea eta ez beste ezagutza-bide batzuk (erlijioa, tradizioak, etab.). Ikusmolde honek kritika erabiltzea dakar berekin, arrazoibidearen aurkakoa den guztiaren kontra borrokatzeko. Arrazoimenak gizadiaren aurrerapen etengabea eragingo zuen.
  • Erlijio-tolerantziaren aldeko jarrera; erlijioak giza askatasunaren eta aniztasunaren adierazgarri dira, baina ez dira erabili behar mundua azaltzeko, arrazoiaren argia baizik.
  • Jarduera produktiboak bultzatzea, pertsonen bizimodua hobetzeko eta zoriona bilatzeko bitartekoak direlako.
  • Hezkuntzaren garrantzia, arrazoibidearen erabilera hedatzeko eta jakintza zabaltzeko.

Ilustrazioaren pentsamoldea, berez, ez zen iraultzarako tresna bat, ez baitzuen zalantzan jartzen gizartean ezarrita zegoen antolamendua. Legearen bidez finkatutako pribilegio eta desberdintasunen aurka zegoen, baina desberdintasun ekonomikoak egotea onartzen zuen.