| 👨👨👦👦 Biztanleak 1.852.168 |
🔎 Azalera 14.130 km² |
🏙️ Hiriburua Belfast |
📷 Argazkiak ikusi |
🗺️ |

Ipar Irlanda Erresuma Batua osatzen duten lau lurraldeetako txikiena da. Beste hiru lurraldeak Ingalaterra, Eskozia eta Gales dira. Askotan Ulster izenarekin ezagutzen da, Ulsterko erresuma zaharra osatzen zuten bederatzi konderrietatik Ipar Irlandak sei biltzen dituelako. Hiriburua Belfast da.[1]
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipar Irlanda Irlandako irlaren ipar-ekialdeko muturrean kokatuta dago. Irlanda herrialdeak gainerako uharte guztia hartzen du. Ipar kanala delakoak Irlanda eta Eskoziako iparraldea banatzen ditu ekialdean. Ingalaterra eta Gales Irlandako itsasoaren beste aldean daude, ekialdean eta hego-ekialdean.
Ipar Irlandak mendi baxuz inguratutako muinoak dauzka; mendirik garaiena Slieve Donard da, 850 metro besterik ez duena.
Ipar Irlandako erdigunetik hurbil Neagh lakua aurkitzen da, Erresuma Batuko aintzirarik handiena. Iparraldeko kosta milaka arrokazko zutabez osatuta dago.
Ipar Irlandak klima fresko eta euritsua dauka, haize zakarrekin.
Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ipar Irlandak bi biztanleria talde nagusi ditu. Gutxi gorabehera biztanleen erdiak XVII. mendean iritsitako kolono ingeles eta eskoziarren ondorengoak dira. Gehienak erlijio protestantekoak dira. Gainerakoak irlandarrak dira eta nagusiki katolikoak. Hizkuntza nagusia ingelesa da, baina gutxiengo batek galera hizkuntza daki.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxi gorabehera gure aroa baino lehenagoko 300. urtean, zeltak Irlandara iritsi ziren Europako kontinentaletik. Erreinuak ezarri zituzten, haien artean Ulsterrekoa, iparraldean. Ingalaterrak XII. mendean Irlanda konkistatu zuen. Ingelesak XVI. mendean Erromatar Eliza Katolikotik banandu ziren eta protestante bihurtu ziren. Irlandarrak, gehienak katolikoak izanik, ingelesen kontra altxatu ziren, baina garaituak izan ziren. XVII. mendean, errege ingelesak Eskoziako eta Ingalaterrako protestanteak Ulsterrean kokatzeko agindu zuen. Protestanteen eta katolikoen liskarrak hasi ziren orduan.
1801ean, Irlandak ofizialki bat egin zuen Ingalaterra, Eskozia eta Galesekin, Erresuma Batua osatzeko. Baina irlandarrek britainiarren nagusitasuna onartu gabe jarraitzen zuten. Hori dela eta, XX. mendearen hasieran, irlandarrak haien independentziaren alde borrokatzen hasi ziren. Baina iparraldeko protestanteen gehiengoak Erresuma Batuan jarraitu nahi zuen. Hori dela eta, 1920an, britainiar gobernuak irla bi zatitan banatu zuen. Ipar Irlanda sortu zen, iparraldeko sei konderri protestanteekin. Beste hiru konderriek gainerako Irlandarekin bat egin zuten eta herrialdea 1921an herrialde independente bihurtu zen.
1960ko hamarkadaren bukaeran, katoliko eta protestanteen arteko borroka piztu zen Ipar Irlandan. Britainiarrek tropak bidali zituzten indarkeria gelditzeko. Erantzun moduan, Irlandako Armada Errepublikazalea (IRA) deituriko talde independentista bat terrorismoa erabiltzen hasi zen britainiarren aurka. IRAk britainiarrak kanporatu nahi zituen eta Ulster ere Irlandarekin batu nahi zuen. Bortizkeriagatik milaka pertsona zauritu edo hil ziren.
IRAk eta Gobernu Britainiarrak bake-hitzarmena sinatu zuten 1998an. 1999an, Gobernu Britainiarrak Ipar Irlandari botere pixka bat eman zion bere burua gobernatzeko. Hala ere, protestante eta katoliko batzuei elkarrekin lan egitea zaila suertatzen zitzaien. Arazoak egonez gero, Gobernu Britainiarrak autogobernua kentzen zien.

Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasuna, hezkuntza, administrazio publikoa eta bankuak oso zerbitzu garrantzitsuak dira Ipar Irlandaren ekonomiarentzako, industria eta nekazaritza bezainbeste. Fabriketan automobilak, hegazkinak, ehunak, arropa eta elikagaiak ekoizten dira. Nekazariek txerriak, behi-azienda, ardiak eta etxeko hegaztiak hezten dituzte. Labore nagusiak garagarra, garia, oloa eta patatak dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Ipar Irlanda» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-07-04).