Wikipedia, Entziklopedia askea

Iparrizarra

Iparrizarraren hiru irudi. Irudiotan, Polaris izenaz ageri da.

Iparrizarra Hartz Txikia izeneko konstelazioko izar bat da. Argitasun handia du, baina ez da egia zeruan ikus daitekeen gorputzik distiratsuena dela; berez, 50 distiratsuenen artean dago, besterik ez. Hala ere, zeru garbian, egia da oso erraz ikus daitekeela Lurretik, ipar hemisferiotik, batez ere.

Gutxi gorabehera, Lurraren biraketa-ardatzean kokaturik dago, ipar poloaren gain-gainean balego bezala; horregatik, Lurra biratzen denean, iparrizarra beti puntu berean ikusten da, gainontzeko izarrak mugitzen direla dirudien arren (berez, Lurra da mugitzen dena, ez izarrak).

Iparrizarra erdian itxuraz geldirik dagoena da.

Lurreko edozein lekuren latitudea kalkulatzen ere laguntzen du Iparrizarrak: gure gainean goi egonez gero, ipar hemisferioan gaudela esan nahi du; aldiz, zerumugatik oso hurbil badago, edota ikusten ez bada, orduan hego hemisferioan gaudela esan nahi du.

Lurretik ikusita, badirudi inoiz ez dela mugitzen eta beti egoten dela iparraldeko puntu berean; horregatik deitzen zaio iparrizarra, nolabait iparra seinalatzen digulako. Horrela, Izar Polarrera begira jarri eta besoak alboetara luzatuz gero, gure eskuineko eskuak ekialderantz apuntatuko du, eta ezkerrekoak mendebalderantz, eta gure bizkarrean hegoaldea egongo da.

Itsasgizonentzat, bereziki, iparrizarra behar-beharrezkoa izan da beti gauez orientatzeko, gaur bezalako baliabide teknologikorik ez zegoenean.

Iparrizarra lokalizatzeko, Hartz Handia konstelazioa bilatzen zen lehendabizi (oso erraz ikusten da gaueko zeru garbian); gero, konstelazioak itxuraz osatzen duen gurdiaren ardatzaren muturra bilatu eta hantxe aurkitzen da iparrizarra (eskuineko irudia handituz ikus daiteke ongi). Hori gertatzen da, itxuraz, Hartz Handiak egun batean Iparrizarraren inguruan zirkulu oso bat egiten duelako, ia zeru-erloju erraldoi baten orratza balitz bezala. Zehazkiago, Hartz Handiak Iparraren gainean biratzen du erloju-orratzen kontrako noranzkoan 23 ordu eta 56 minutuan. Etengabeko biraketa horretan, Hartz Handiko muturreko izarrek Iparrizarrerantz apuntatzen dute beti urteko edozein egunetan, eta gaueko edozein ordutan.

Iparrizarra iraganean eta etorkizunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun guretzat iparrizarra den izarra ez da beti izan iparra seinalatzen zuena; beste izar batek seinalatzen zuen. Eta gauza berbera gertatuko da etorkizun urrunean.

Izan ere, Lurraren errotazio-ardatza aldatu egiten da 26.000 urtean behin, gutxi gorabehera; horren ondorioz, ardatz horren gain-gaineko puntua ere aldatzen da denborarekin. Horregatik, Lurraren historian zehar, asko izan dira iparra seinalatu duten izarrak; eta etorkizunean ere, beste izar bat izango da. Adibidez, badakigu duela ia 5000 urte, Egiptoko piramideak eraiki ziren garaian, Thuban izeneko izarra zela iparretik gertuen zegoena; eta gutxi gorabehera 2.000. urte barru, aldiz, Cephei izeneko izarra izango da iparrizarra beste 2.000 urtez.