Txikipedia:Iqbal Masih

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Iqbal Masih.

Iqbal Masih (1983-1995) ume pakistandar bat izan zen, haurren esplotazioaren aurka borrokatu zena.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitan, 4 urte besterik ez zuenean, alfonbra edo tapizak egiten zituen lantegi batean lanean hasi behar izan zuen, gurasoek zeukaten 600 errupiako zorra (6 euro) ordaindu ahal izateko. Berak eta beste ume askok egun osoan egin behar zuten lan, baldintzarik gogorrenetan: kate bati lotuta, ez ihes egiteko; egunero 15 ordu baino gehiago, bakarrik ordu erdiko atsedenarekin, eta egun bakoitzeko lanagatik errupia bat bakarrik kobratuz eta janari gutxi janez. Baina lantegi-jabeak maltzurkeria mordoa asmatzen zituen zor hori handitzeko, gurasoei "interesak" gehituz, eta umeei "isunak" jarriz ustez egindako okerrengatik.

Askotan saiatu zen lantoki hartatik ihes egiten, baina berriro harrapatu zuten eta, orduan, berak “hilobia” deitzen zuen putzu beltz batera jaurtitzen zuten zigortzeko. Azkenik, lantokitik ihes egitea eta haur-lanaren aurkako manifestazio batean parte hartu zuen beste ume batzuekin batera. Askatasunaren Eguna ospatzeko antolatutako manifestazio horretan, Iqbal bere kabuz hasi zen bere istorioa eta lantokiko beste umeek jasaten zuten sufrimendua kontatzen.

Horrela lortu zuen haur-lanaren kontra borrokatzen zen elkarte bat ezagutzea; elkarte horrek berari eta beste umeei askatasuna lortzen lagundu zien, eta lantokiko zuzendaria atxilotzea ere lortu zuten. Haien eskutik, haur-lanaren kontrako ekintzetan parte hartzen hasi zen. Hamar urte zituenean, munduko hainbat herrialdetan mintzaldiak ematen hasi zen leku askotako haurrek jasaten duten eskubide faltari buruz. Suediako hiriburuan emandako mintzaldi batean zera esan zuen: “Haur batek ez luke inoiz lan tresnarik hartu beharko. Haur batek erabili beharko lituzkeen lan tresna bakarrak bolalumak eta arkatzak dira”.

1994an, Giza Eskubideen Reebok Saria eman zioten Estatu Batuetan, eta hauxe esan zuen bertan: "Pakistanen lan egitera behartuta dauden milioika umeetako bat naiz, baina nik, zorionez, Haur-Lanaren Aurkako Elkartearen (HLAE) laguntza izan nuen, eta askatasuna lortu nuen. Ondoren, haiek zuzentzen duten eskola batean ikasten hasi naiz. Ni eta beste ume esklaboentzat, HLAEk egin duena Abraham Lincolnek Amerikako esklaboen alde egin zuen gauza berbera izan da". Sari horren diruarekin, bere herrialdean eskola bat eraiki nahi izan zuen.

Iqbaleh atzerrian bizitzera joateko aukera eman nahi izan zioten Estatu Batuetako antolakunde batzuek, baina bere herrialdean geratzea erabaki zuen, hango haurrei laguntzen segitzeko. Bitartean, alfonbragileen mehatxuak jaso zituen, haientzat arriskutsua zelako.

1995ean, Pakistaneko Lahore hirian haurren esklabotzaren aurkako hitzaldi batean parte hartu zuen. Hari esker, ia 3.000 haur esklabo atera ziren infernu hartatik: nazioarteko presioari esker, Pakistango gobernuak hainbat alfonbra-fabrika itxi zituen. Urte hartan bertan, ordea, 12 urte zituela, amonaren etxetik hurbileko hondartza batean kometarekin jolasten ari zenean hil zuten. Hiltzaileen kontrako epaiketan ez zen erabat argitu nork agindu zuen Iqbalen heriotza, baina garbi geratu zen bertako “alfonbra mafiak” hil zuela.

Haren heriotzaren ondoren, Pakistango gobernua eta beste erakunde asko ukatzen hasi ziren haur esklaboak erabiltzen zituztenik lanean, gezurra izan arren; gainera, Iqbali lagundu zion HLAE elkartearen kontrako neurriak hartu zituen.

Munduan, ordea, Iqbal eta haren borroka gogoan ditu jende askok. Antolakunde asko sortu ziren herrialde askotan haur-lan esklaboaren kontra borrokatzeko eta haurren eskubideen alde lan egiteko. Haien eskutik, haur langileen eskubideen aldeko ekintza asko antolatzen dira, Iqbal Masihen omenez. Gasteizko erdialdeko plaza ezagun batean eskultura bat dago Iqbal gogoratzeko. 1998an, Italian, Iqbali buruzko film bat egin zuten, eta, 2001ean, Francesco D'Adamo idazle italiarrak liburu ospetsu bat idatzi zuen; euskaraz ere irakur daiteke, "Iqbalen historia" izenburuarekin.