Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Istmoaren eskema

Istmoa bi kontinente edo penintsula bat kontinentearekin lotzen dituen lur zerrenda edo zatia da. Bi lur-eremu handiren arteko zubi moduko bat da.

Zein dira istmo ezagunenak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko istmo ezagunenak Suezko istmoa (Egipton) eta Panamakoa (Erdialdeko Amerikan) dira.

Suezko istmoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suezko istmoa Egiptoren ipar-ekialdean dago eta Afrika eta Asia lotzen ditu. Bertan kanal bat eraiki zen XIX. mendean, Suezko kanala, Mediterraneo itsasoa eta Itsaso Gorria lotzeko.

Kanal horri esker, itsasontziak Europa eta Asiaren artean ibili daitezke Afrikari itzuli osoa eman behar izan gabe. Horrela, bidaiak askoz ere azkarragoak eta merkeagoak dira, eta hori mundu mailako merkataritzan ezinbestekoa da.

Urtero, milaka itsasontzik erabiltzen dute kanal hau petrolioa, gas naturala eta bestelako produktuak garraiatzeko.

Panamako istmoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, Panamako istmoak Ipar Amerika eta Hego Amerika lotzen ditu, eta Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea banantzen ditu. Non dagoen kontuan hartuta, oso toki garrantzitsua da nazioarteko merkataritzan.

Panamako istmoan ere kanal bat eraiki zen, XX. mendeko hasieran: Panamako kanala. Horrela, itsasontziak ozeano batetik bestera igaro daitezke Hego Amerika osoa inguratu behar izan gabe, kanala sortu baino lehen egiten zen moduan.

Kanalari esker, salerosgaiak garraiatzea askoz ere azkarragoa eta merkeagoa da. Itsasontziak bi esklusetako batetik sartzen dira (urarentzako ate modukoak dira esklusak) eta beste aldera gurutzatzeko behar den ur-maila handitu edo txikitzen dute, itsasontzia flotatzen ari dela. Itsasontzientzako igogailu moduko bat da.

Zer garrantzi natural dute istmoek?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritzarako erabilgarriak izateaz gain, naturan ere oso garrantzitsuak dira istmoak. Beste gauza askoren artean, korridore biologikoak dira, hau da, animaliak eta landareak toki batetik bestera mugitu daitezke haietatik barrena.

Hori garrantzi handikoa da biodibertsitatea mantentzeko, hau da, Lurreko bizitzaren dibertsitatea mantentzeko. Korridore horiek gabe, espezie asko bakartuta geratuko lirateke eta bizirauteko zailtasunak edukiko lituzkete.

Istmoak animaliek migratu ahal izateko garrantzitsuak dira, eta gizakiek ere antzinatik erabili dituzte horretarako. Izatez, Afrikatik atera eta beste kontinente batzuetan bizitzen jarri ziren gizakiak Suezko istmotik igaro ziren. Horrez gain, uste dugu Amerikara Asiatik iritsi ziren gizakiak oraingo Bering itsasartean zegoen istmo batetik igaro zirela. Istmo hori Siberia eta Alaska artean zegoen, eta glaziazioengatik itsas maila baxuago zegoenean pasako ziren bertatik gizakiak.

Nola sortuak dira?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istmoak hainbat modutan sortuak dira:

Plaken tektonikagatik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istmo batzuk plaka tektonikoen mugimenduengatik sortu ziren, hau da, lurrazala osatzen duten bloke erraldoiak mugitu zirelako. Plaka horiek mugitzean, lurrazalak gorantz egiten du eta bi ozeanoren artean lur-zerrenda bat sortzen da. Horixe gertatu zen Panamako istmoan.

Beste batzuetan, itsasoek eta ibaiek sedimentuak uzten dituzte, hau da, hondarra, lokatza eta harri koskorrak. Denboraren poderioz, lur-zerrendak sortzen dira sedimentu guztiak pilatzearen ondorioz. Hori kostan gertatzen da, bertan itsasoratzen direlako ibaiak eta bertan uzten dituztelako sedimentuak. Suezko istmoa, seguru aski, bi arrazoi horiengatik sortu zen, alde batetik plaka tektonikoak mugitzearen ondorioz, eta, bestetik, sedimentuak pilatzeagatik.

Sumendiengatik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istmoak, ordea, beste modu batean ere sortu daitezke, baina ez da hain ohikoa: sumendiengatik. Ur azpian dauden sumendiak piztean, uharteak sortu daitezke eta, kostatik gertu baldin badaude, kontinentearekin lotu daitezke laba eta sumendi-errautsa pilatzean. Horren adibide dugu Tāmaki Makaurau-ko istmoa (Aucklandeko istmoa izenez ere ezaguna). Istmo horrek Te Tai Tokerau penintsula (Northland izenez ere ezaguna) uharte nagusiarekin lotzen du.