Wikipedia, Entziklopedia askea

Kilometro orduko

Eduki-taula

Abiadura 30 km/h-ra mugatzen duen bide-seinalea.

Kilometro orduko abiadura-unitate ezagun bat da. Laburdura km/h da. Era guztietako ibilgailuen lastertasuna neurtzeko erabiltzen da. Zientzian, fisikan esaterako, zehatzagoa izan behar da; horregatik, metro segundoko (m/s) erabiltzen da.  

Kilometro ordukok esan nahi du objektu batek, auto batek esaterako, kilometro bat (1.000 metro) egiten duela ordubetean. Ordubetez zerbait azkartasun berean mugitzen ez den arren, batez besteko abiadura neurtzea posible da.

Kasurako, auto bat leku batetik bestera abiadura berean doa. Bigarren lekua 20 km-ra dago. 15 minutu beharko dira distantzia hori egiteko, hau da, ordu laurden bat. Abiadura berbera mantenduz gero, beste lau aldiz egin ahalko litzateke ordu laurdenean egindako distantzia, hau da, 80 kilometro. Hortaz, abiadura 80 kilometro orduko izango litzateke.

Adibidez, auto baten abiadura bere motorraren potentziaren araberakoa izaten da. Gizaki baten edo animalia baten abiadura bere muskuluen araberakoa izaten da: gizaki azkarrenek 36 km/h egin ditzakete korrika; zaldiek, 50 km/h; gepardoek, 120 km/h. Auto azkarrenek 200 km/h baino gehiagoko abiadura egin dezakete. Munduko trenik bizkorrenek 500 km/h abiadura gainditu dezakete.

Zerbait airean dagoenean, lurzoruaren kontrako igurtzi edo marruskadurak ez dio abiadura gutxitzen. Horregatik askoz bizkorrago joan gaitezke hegan. Hegazkinak 1.000 km/h-ra ere iritsi daitezke altuera handian daudenean. Hegazti azkarrenak, kolibriak, ia 100 km/h-ra iristen dira.

AEBetan eta Britainia Handian oraindik ere “milia orduko” (mph) erabiltzen jarraitzen dute. Milia batek 1.640 metro inguruko luzera du. Horrela, abiadura berean, kilometro bat egiteko baino denbora gehiago behar izaten da milia bat egiteko. Horrek azaltzen du abiadura berean mph-ri dagozkien zifrak km/h-renak baino txikiagoak izatea.