Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Klima-aldaketaren ondorioetako batzuk

Klima-aldaketak oso denbora-tarte luzeetan Lurreko kliman gertatzen diren aldaketa handiak dira. Lurraren historian, klima modu naturalean joan da aldatzen milioika urtetan zehar. Adibidez, duela 10.000 urte inguru, Lurreko klima gaur egungoa baino hotzagoa zen eta glaziar oso handiak zeuden.

Klima Lurraren historiaren hasieratik aldatu izan da; oro har, aldaketa horiek pixkanaka gertatzen dira, ehunka edo milaka urtetan zehar, gure planetaren orbita aldatzen delako, eguzki-erradiazioa ezberdina delako edo prozesu biotikoengatik. Baina klima bat-batean aldatu daiteke sumendiak indar handiz lehertzean edo meteoritoren bat erortzean ere.

Giza jarduerak ere aldaketak eragin ditzake. Izatez, azken mendeetako giza jarduerarengatik klima aldatzen ari da, industrian erregai fosilak erabiltzean sortutako kutsadurarengatik. Horri berotegi-efektua deitzen diogu.

Nola aldatu da Lurreko klima?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milioika urtetan zehar, Lurrak hainbat hozte-ziklo (glaziazioak) eta berotze-ziklo (glaziazioartekoak) izan ditu. Klima-aldaketa horiek arrazoi naturalengatik gertatu ziren:

  • Lurraren orbita eta inklinazioa aldatzeagatik.
  • Sumendiengatik: sumendi-erupzio handi batzuek atmosferan partikula batzuk txertatu zituztelako eta planeta hoztu egin zelako.
  • Eguzki-aktibitatea aldatzeagatik: Lurrak energia gehiago edo gutxiago jasotzen zuelako Eguzkitik.

Klimatologoek, pixkanaka, iraganeko klima nolakoa zen aztertu dute, eta nolako klima-aldaketak gertatu izan diren. Hauxe dakigu gaur egun horren inguruan:

Kanbriarraurreko Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 4,6 mila milioi urte baino gehiago, Lurra sortu egin zen eta tenperatura izugarri altuak zituen. Duela 2,4 mila milioi urte inguru, lehen glaziazio handia egon zen, «Glaziazio huroniarra» izenez ezaguna, berotegi-efektuko gasak gutxitu zirelako.

Duela 540 eta 250 milioi urte artean, klima etengabe aldatzen egon zen, glaziazio aldietatik aldi beroetara eta alderantziz. Bizitza sortu zen, batez ere ozeanoetan. Aro permiarrean, duela 300 eta 250 milioi urte artean, glaziazio handi bat egon zen, «Permiarreko glaziazioa» gisa ezaguna.

Duela 250 eta 65 milioi urte artean, klima beroa eta egonkorra izan zen, CO2 gehiago zegoelako atmosferan. Dinosauroak aro honetan bizi izan ziren. Kretazikoaren amaiera: dirudienez, asteroide baten kolpeak eta sumendiek izaki bizidunak era masiboan desagertzea eragin zuten, klima globala aldatu zelako.

Duela 65 milioi urtetik gaur egun arte, klima pixkanaka hozten joan da. Ugaztunak eta gizakiak agertu ziren garai honetan. Eozenoa (duela 56 eta 34 milioi urte artean) berotze globalaren aroa izan zen. Oligozenoan (duela 34 milioi urte) Antartikako izotz-geruzak sortu ziren. Pleistozenoan (duela 2,6 milioi urtetik duela 11.700 urte arte) glaziazio eta glaziazioarteko batzuk egon ziren, «izotz-aroa» deitzen den hori.

Azken 11.700 urteak: gaur egungo glaziazioarteko aroa. Aro honetan garatu dira giza zibilizazioak. XIV. eta XIX. mendeen artean «izotz-aro txikia» egon zen. Aro horretan, tenperaturak dezente jaitsi ziren, Europan batez ere.

Gaur egungo klima-aldaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2000-2009 bitarteko tenperatura anomaloen irudikapena

Azken 150 urteetan Lurreko tenperatura igo egin da. Arrazoi bat industrializazioa da, eta, bestea, gizakiek erregai fosilak erretzean, basoak soiltzean eta lurra gehiegi lantzean berotegi-efektuko gasak isurtzen direla.

Batzuek diote klima ez dela aldatzen ari, ez behintzat gizakiengatik, baina nahikoa froga dago esateko klima-aldaketa benetakoa dela: poloetako izotza eta glaziarrak urtu eta itsas maila igotzen ari da; klimari lotutako gero eta muturreko gertaera edo hondamen gehiago daude, eta begi bistakoa da prezipitazio-ereduak aldatu egin direla (mundu osoan zenbat, zenbatean behin eta non egiten duen euria eta elurra).

Klima-aldaketaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiek sortutako klima-aldaketa hau ondorio ugari izaten ari da hainbat esparrutan:

  • Nekazaritzan: laboreak hondatu egin daitezke ez badute dagokionean dagokion ur kantitatea jasotzen, eta hortaz janari-ekoizpena gutxitu daiteke.
  • Ur edangarrian: ur-edangarri erreserbak gutxitu egin daitezke lehorteak dauden lekuetan, eta, horrenbestez, ur edangarri gutxiegi egon daiteke.
  • Ekosistemetan: prezipitazioak aldatzen badira, habitat naturalak aldatu daitezke eta landare zein animalei kalte egin.
  • Uholdeak: euriteen ondorioz uholdeak sortzen dira batzuetan, eta horiek azpiegiturak edo etxeak hondatu ditzakete, eta arriskutsua da gizakientzat.

Geroz eta hondamen natural gehiagok dute jatorria muturreko gertaera klimatikoetan. Hondamen horiek ondorio ekonomiko larriak dituzte eta jendea halabeharrez mugitu behar da gaur egun, ezin baitu bere sorlekuan bizitzen jarraitu.

Zer egin dezakegu klima-aldaketaren aurrean?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenago esan dugu industriaren kutsadura dela klima-aldaketaren arrazoi nagusia, eta hor, bakoitza gure aldetik, gutxitxo egin dezakegu. Hala ere, denok egin dezakegu zerbait egunero gure planeta zaintzeko eta, horrela, klima-aldaketari aurre egiteko.

Hona hemen proposamen batzuk:

Energia aurreztea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
    • Itzali argiak: ez zarenean gela bat erabiltzen ari, itzali argiak, argindar gutxiago gastatuko duzulako.
    • Gailuak deskonektatu: deskonektatu gailu elektronikoak ez badituzu erabiliko, hala nola kargagailuak eta bideojoko-kontsolak. Itzalita daudela badirudi ere, energia kontsumitzen jarraitzen dute.

Ez ibili hainbeste autoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
    • Oinez edo bizikletaz ibili: ahal baduzu, joan oinez edo bizikletaz gertuko tokietara autoa erabili beharrean. Horrela airera doazen gas kaltegarri kopurua gutxituko duzu.
    • Partekatu autoa: autoz joan behar baduzu, partekatu bidaia lagunekin edo senideekin. Horrela auto gutxiago erabiliko dituzue.

Birziklatu eta berrerabili

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
    • Birziklatu: banatu zaborra hainbat edukiontzitan, adibidez, organikoa, papera, plastikoa eta beira. Birziklatzean, zabor gutxiago sortzen da eta baliabide natural gutxiago erabiltzen dira zaborra kudeatzen.
    • Berrerabili: erabili gauzak behin baino gehiagotan, behin bakarrik erabili eta zuzenean bota ordez. Esate baterako, erabili beirazko edo metalezko botilak plastikozko botilen ordez.

Landatu zuhaitzak eta zaindu landareak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
    • Landatu zuhaitzak: zuhaitzek karbono-dioxidoa xurgatzen dute, Lurra berotzen duten gasetako bat. Zuhaitz gehiago landatzean, airea hobeto garbituko da.
    • Zaindu landareak: lorategiko edo baratzeko landareak eta zuhaitzak zaindu. Landareek ere airea garbitzen dute!
Ez utzi ura alferrik galtzen
    • Aurreztu ura: ez utzi txorrota irekita hortzak garbitzean edo harrikoa egiten duzunean. Ura aurreztuko duzu.
    • Hartu dutxa motzak: saiatu dutxa motzagoak hartzen ur gutxiago berotu behar izateko.

Arduraz kontsumitu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
    • Plastiko gutxiago erabili: ez erabili hainbeste plastikozko gauza. Erosketak egitean, eraman telazko poltsa bat dendan plastikozko poltsak hartu ordez.
    • Jan modu jasangarrian: jan fruta eta barazki gehiago eta animalietatik datozen produktu gutxiago (haragia, arrautzak eta esnekiak). Animaliak hazteko baliabide asko erabiltzen dira eta gas asko isurtzen da.

Ikasi eta partekatu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
    • Jarraitu ikasten: eduki jakin-mina klima-aldaketaren inguruan eta horretan laguntzeko zer egin dezakezun ikasteko. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto zainduko duzu planeta.
    • Partekatu beste batzuekin: kontatu lagunei eta senideei zer ikasi duzun klima-aldaketaren inguruan eta animatu itzazu beren eguneroko bizimodua aldatzera.