Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
K.a. 551
Qufu
💀
Heriotza
K.a. 479
Si River (en) Itzuli
🔨
Lanbidea
filosofo
📷
Argazkiak
ikusi
Konfuzioren erretratua.

Konfuzio txinatar irakasle, pentsalari eta filosofo bat izan zen, K.a. 6. eta 5. mendeetan bizi izan zena. Haren pentsamenduak eragin handia izan du Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan; izan ere, haren ideiek konfuzianismoa izeneko pentsamolde filosofiko-politikoa sortu zuten, eta hainbat mende luzez «Estatu mailako erlijio» moduko zerbait eragin zuten.

Izen hori txinerazko Kǒng Fūzǐ esamoldetik dator eta, hitzez hitz, "Kong maisua" esan nahi du. Konfuzio izenaren forma hori, 16. mendean eman zioten Txinara joandako Jesusen Lagundiko misiolariek.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfuzio K.a. 551. urtean jaio zen, Txinako Zou izeneko barrutian, familia aberats batean. Hiru urterekin, aita hil zitzaion eta familia pobrezian sartu zen. Nahiko gazterik hasi zen liburu zaharrez interesatzen, eta, 24 urte besterik ez zituela, antzinako testuak biltzen eta haien irakaskuntzak zabaltzen hasi zen.

Txinan lurraldeetako jaun edo agintarien arteko gerra ugari zeuden garai hartan; Konfuzio egoera horren kontra zegoen eta ordena ekarri nahi izan zuen berriro gizartera.

Konfuziok leku batetik bestera bidaiatzen, ikasten eta irakasten eman zuen bere bizitza gehiena; printze eta buruzagi askoren kontseilari edo aholkulari ere izan zen. Zahartzaroan, bere sorterrira, Lu izeneko estatura, itzuli zen azken aldiz. Azken urteak aspaldiko idazleen liburuak irakurtzen eta informazio berria idazten eman zituen. Irakasten eta meditatzen erakusten zion jendeari.

Zein ziren haren ideia nagusiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 2.500 urte bizi izan zen eta, horregatik, oso zaila da ezagutzea haren ideia zehatzak. Hala ere, haren testu idatzi bat iritsi zaigu, eta horri esker jakin dezakegu zerbait haren pentsamenduaz.

Haren ideiarik garrantzitsuena gizatasunaren beharra da, elkarrenganako errespetuan eta gizabidean oinarritua; hau da, beharrezkoa dela harreman onean eta bakean elkarbizitzea, eta, helburu horretan, oso baliotsuak direla antzinako jakintsuen irakaskuntzak. Horren arabera, esaten du agintea dutenek beren ontasunagatik eta trebetasunengatik eduki behar dutela boterea, eta ez familia boteretsuetan jaiotakoak izateagatik. Gainera, haren ustez, jendeak ardura gehiago eduki behar du besteekiko, eta ez hain garrantzi handia eman diruari edo jabetzak edukitzeari. Horretarako guztirako, gizartean bizitzeko arauak eta legeak behar dira eta denek bete behar dituzte.

Hona hemen Konfuzioren irakaspenetako ardatz aipagarri batzuk:

  • Herria maitatu beharra dago, moralki biziberritzeko, baina bizitzeko behar duena emanez.
  • Beti geure buruaren hobekuntza bilatu behar dugu.
  • Bakea eta harmonia unibertsala bilatu behar dira.
  • Haragiari lotutako joerak arriskutsuak dira, eta arrazoian oinarritutakoak, berriz, galtzen errazak.
  • Gizakien arteko harremanetan, halako betebehar batzuk bete behar dira.
  • Lasai bizi behar da.

Eta beste hauek, berriz, haren esaldi ezagun batzuk dira:

  • Aukera ezazu gustuko lan bat: horrela, inoiz ez zara lanpeturik egongo.
  • Naturak berdintsu egin gaitu gizakiok; bizitzak, aldiz, desberdin egiten gaitu.
  • Nik ez dut erantzunak jakitea bilatzen, galderak ulertzea baizik.
  • Gure loriarik handiena ez da ez erortzea, erortzen garen bakoitzean berriro zutitzen jakitea baizik.

Haren irakaspenak Analektak liburuan bildu zituzten haren jarraitzaileek bera hil eta gero. Haren irakaspenetan oinarritutako doktrina filosofiko-erlijiosoari konfuzianismoa deitzen zaio.