Wikipedia, Entziklopedia askea

Latin

Erromatar inperioaren hedadurarik handiena.

Latina antzinako hizkuntza bat da, Erromatar Errepublikan eta Erromatar Inperioan mintzatzen zutena, K.a. IX. mendeaz geroztik. Hasieran, Lazion hitz egiten zen, Italia erdialdeko zona batean, gaur egun Erroma hiria dagoen inguruetan. Baina erromatarrek lurralde asko menderatu edo konkistatu zituzten, eta haien hizkuntza zabaldu zuten, bai Italia osotik, bai Mediterraneo ondoko herrialdeetatik ere. Erromatar inperioaren hizkuntza zen. Alfabeto latindarra gure gaur egungo alfabetoa da. Horrela deitzen da jatorriz latinean erabiltzen zena delako.

Inperio hori erori eta gero, Europako hegoaldeko jende askok oraindik hitz egiten zuen latinaren antzeko zerbait. Horren emaitza izan ziren ditugun hizkuntza moderno asko: errumaniera, frantsesa, Galiziera, gaztelania, italiera edo Katalana, besteak beste; hizkuntza erromantzeak deitzen zaie (erromatarren hizkuntza esan nahi du hitz horrek).

Latinetik sortutako europar hizkuntzak, gaur egun.

Gaur egun, hizkuntza hila da latina; Vatikanoan soilik erabiltzen da, hango hizkuntza ofizialetako bat baita. Hala ere, oso garrantzitsua izan da Europa osoko kulturan eta historian; ia XIX. mendera arte, liburu asko eta asko hizkuntza horretan zeuden idatziak. Horri esker, Europa osoko zientzialari, filosofo eta artistek uler zezaketen elkar. Baina gainontzeko jendearekin ez zen gauza bera gertatzen: biztanle gehienek beren hizkuntza propioan hitz egiten zuten, eta gehienez, latin pixkatxo bat zekiten, erlijioaren eraginez; izan ere, elizetan, XX. mendearen erdialdera arte, latina erabiltzen zen, ez tokian tokiko hizkuntzak.

Aro Modernoan, herriaren hizkuntza horiek (alemaniera, italiera edo ingelesa kasu), garrantzitsuagoak bilakatu ziren eta agintari eta zientzialariak ere hasi ziren erabiltzen. Latinaz gain, frantsesa hasi zen jotzen pertsona kultuen hizkuntzatzat. Dena dela, latinak eta latinezko literaturak leku handia izan dute beti goimailako kulturan; horregatik, eskolan irakatsi da eta oraindik ere leku askotan ikasten da.

Latinak badu harremanik euskararekin?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai, euskarak harreman luzea eduki zuen latinarekin ia mila urtez, euskararen lurraldean bertan. Erromatarrek konkistatu zituzten Europako mendebaldeko leku guztietan, latina nagusitu zen erabat, eta jatorrizko hizkuntzak desagertu egin ziren; baina euskara ez: bizirik iraun zuen jatorrizko hizkuntza bakarra da. Hala ere, segurua da lurralde asko galdu zituela, lehendabizi latinaren eraginez, eta geroago hizkuntza erromantzeen eraginez.

Euskarak latinarekin izandako harreman hartatik, latin jatorriko hitz asko geratu dira euskaraz; haietako asko, egunero erabiltzen ditugu. Adibidez:

Latina Euskara
CAUSAM Gauza
AUGURIUM Agur
HABERE Abere
ROTAM Errota
ADVENTUM Abendu
COELUM Zeru
TEMPORAM Denbora

Entzun latin apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julio Zesarren testu baten irakurketa labur bat entzun dezakezu hemen latinez:

Julio Zesar