Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
2.860.002
🔎
Azalera
65.300 km²
🏙️
Hiriburua
Vilnius
📷
Argazkiak
ikusi
Lituaniaren kokapena.

Lituania Europako ipar-ekialdeko hiru herrialde baltikoetako handiena da. Letonia eta Estonia dira beste biak. Lituaniako hiriburua Vilnius da.

Herrialdeko biztanle gehienak lituaniarrak dira eta lituaniera hitz egiten dute. Gainera, errusiarrak, poloniarrak, bielorrusiarrak, ukraniarrak eta beste jatorri batzuetako biztanleak ere daude. Lituaniar gehienak katolikoak dira. Biztanleen bi heren hirietan bizi dira.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lituaniako bandera.

Itsaso Baltikoak Lituaniaren mendebaldeko muga osatzen du. Iparraldean Letoniarekin du muga, ekialdean Bielorrusiarekin, ekialdean eta hego-ekialdean Poloniarekin eta hego-mendebaldean Errusiako probintzia batekin.

Lituaniako paisaiak lautada baxuak eta mendixkak ditu. Punturik altuena Juozapine mendia da, hego-ekialdean, baina 292 metro besterik ez ditu itsas mailaren gainetik. Ibai nagusia Nienem da, Baltikoan isurtzen dena. Lituaniak 3.000 aintzira ditu, ekialdean eta hego-ekialdean gehienbat. Klima freskoa du.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zerbitzuak eta industria dira Lituaniako ekonomiaren sektore nagusiak. Zerbitzuen barruan hezkuntza, turismoa, osasun-arreta eta komunikabideak daude. Lantegiek produktu ugari egiten dituzte: erremintak, motorrak, elektronika, janari-produktuak, petrolio-produktuak, oihalak, produktu kimikoak, ontziak eta altzariak.

Abeltzaintzan, behiak eta txerriak dira ganadu-mota nagusia. Nekazariek ere zerealak, azukrea, patatak eta barazkiak landatzen dituzte.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1386an Lituaniako burua, duke gorena, Poloniako erreginarekin ezkondu zen; geroztik, Lituania eta Poloniaren batasunak XVIII. mende amaierara arte iraun zuen. Gero, Errusiak konkistatu zuen Lituaniako zatirik handiena. Errusiak bere legeak, hizkuntza eta erlijioa inposatu zizkien lituaniarrei. 1917an errusiar inperioa erori zen Errusiako Iraultzan. Hurrengo urtean Lituaniak independentzia aldarrikatu zuen, eta herrialdeak 1940ra arte eutsi zion independentziari. Urte hartan, Sobietar Batasuna inbaditu eta herrialdeaz jabetu zen. 1941ean Alemania naziak Lituaniaren kontrola hartu zuen. Ia-ia Lituaniako judu guztiak kontzentrazio esparruetan hil ziren Bigarren Mundu Gerran. Sobietarrek 1944an kanporatu zituzten alemaniarrak eta Lituania berreskuratu zuten. Hurrengo urteetan Lituaniako ekonomia Sobietar Batasunarenari estu lotuta egon zen.

Lituaniak independentzia osoa lortu zuen 1991ean, Sobietar Batasuna erori zenean. Momentu hartatik Lituania lanean egon da bere ekonomia hobetzeko, baita Europako mendebaldeko herrialdeekin harreman estuagoa garatzeko ere. Lituania 2004an Europar Batasunean sartu zen eta 2015ean euroa bere diru gisa onartu zuen.

Errusiarekin harreman tirabiratsuak izaten jarraitu du XXI. mendean ere. Errusiak Lituaniaren petrolio-findegi nagusia hornitzeari utzi zion eta ez zuen Lituaniaren 50 urteko okupazioa ordaindu nahi izan. 2008an Lituaniak ikur nazi edo sobietar guztien agerpen publikoa debekatu zuen.

2009an, Dalia Grybauskaite izan zen Lituaniako presidente aukeratu zuten lehen emakumea. 2014an berriro hautatu zuten, baina ezin izan zuen hirugarren agintaldian aurkeztu. Grybauskaitek oso ospetsua izaten jarraitu zuen, 2019ko uztailean kargua utzi eta gero.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]