Wikipedia, Entziklopedia askea

Liztorra erlea edo inurria ez den intsektu hegalaria da, artropodoen familiakoa dena (gorputz eta hanka artikulatuak dituzten animalia ornogabea). Gaur egun, ehun mila liztor espezie baino gehiago ezagutzen dira mundu osoan, ohikoenak Vespula generokoak direlarik, "Jaka horiak" deituak.

Liztor emea, Polistes sp.

Oro har, erlearen antza dute, izan ere, gehienetan beltzak izaten dira, batzuetan marra horiz apainduta egoten direlarik. Badaude taldean bizirauten duten liztorrak baina badaude bakartiak direnak ere. Gainera, zenbait espezietako emeak ziztada mingarriak egiteko gai dira.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zein itxura dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztor espezie bakoitzak bere ezaugarri bereziak dituen arren, euren artean zenbait ezaugarri partekatzen dituzte. Liztor guztiek, burua, toraxa (mesosoma bezala ere ezaguna) eta sabelaldea (metasoma ere deitua) dute, kanpo eskeleto gogor batez babestuak. Orokorrean, liztorrek, 3.8 zentimetroko luzera dute, nahiz eta erregina pixka bat handiagoa izaten den.

Esan bezala, liztor gehienak marroi ilunak edo beltzak dira (espeziearen arabera aldatzen den arren), zerrendaka marra horia dituztelarik. Liztorren begiei dagokienean bada bitxikeria bat; hauek, hainbat begi dituzte, argia eta iluntasuna bereizi ahal izateko.

Animalia hegalari bat den heinean, liztorrek bi hegal pare dituzte, bata handia eta bestea txikixeagoa (atzealdekoa). Hala ere, aipatzekoa da espezie batzuetan liztor emeek hegorik ez dutela.

Bestalde, liztorrek antenak, lantza formako eztenak eta hortzak dituzte, baita gerri estua ere. Mota batzuetan, euren gorputza ilexka lodi batez estalita dago, eta hiru hanka pare, hau da, sei hanka dituzte.

   Ba al dakizu   

Liztorrak hiltzen direnean, feromona izeneko usai bat zabaltzen da, eta usai horren bitartez, beste liztorrek gertaera horren abisua jasotzen dutela?

Emeek ezten bat dute, sexu-organo femeninotik sortzen dena, arrek hauen aldean ez dute eztenik beraz ezinezkoa dute ziztatzea.

Beste zenbait ezaugarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Liztorrak ez dira taldekatzen.
  • Nahiago dute intsektuez eta azukredun janariz elikatu.
  • Emeek erraz eta etengabe ziztatzen dute.
  • Kolonia batek banakako 25.000 liztor izan ditzake.
  • Liztorrak bi raldetan bereizten dira erakusten duten portaera sozialaren arabera; batetik, liztor bakartiak (gehiengoa); eta bestetik, sozialak daude, azken hauek ezagunenak.

Liztor eta erleen arteko aldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorra eta erlea nahastea oso ohiko gertakizuna da baina inolaz ere ez dira gauza berdina.

Ezberdintasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LIZTORRA ERLEA
KOLOREA Beltza edo marroi iluna eta horia da eta espeziearen arabera, liztor asiarraren kasuan bezala Arre erdi ilun eta urre kolorekoa da, ez horia
GERRIA Bai Oso estua
EZTENA Liztorrarena leuna da eta hainbat alditan jo dezake berarekin, bere bizitza arriskuan jarri gabe Erleen eztenak pintxo batzuk ditu, eta, horren ondorioz, urdaila urratzen zaie ateratzen saiatzen direnean; beraz, txikitu ondoren, hil egiten dira.
ITXURA Luzanga, ile gabea eta leuna Loditxoagoa eta iletsua

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   

Ba al dakizu liztorrek gizakiek ez bezala euren ondorengotzaren sexua aukeratzen ahal dutela? Liztorren kasua berezia da, izan ere, liztor eme batek arrautza arra jarri nahi badu, arrautza jartzen du ongarrituz gero. Horrek esan nahi du liztorrek, espezie bakoitzean, beren ondorengoen sexua borondatez kontrolatzen dutela.

Liztorrek beste espezie askoren moduan sexu ezberdinak izan ditzakete, arrak zein emeak izan daitezke eta horren araberako partaidetza dute ugalketa prozesuan.

Liztorretan, ugalketa erregina baten eta liztor ar baten artean gertatzen da; kasu batzuetan, erreginak zenbait arren espermaz ongarritu daitezke. Arraren esperma zelulak erreginaren barnean dagoen bola estu batean gordetzen dira, espermatozoideak hurrengo udaberrian behar izan arte ezkutuan gordetzen direlarik. Hala ere, nabarmendu behar dugu liztor guztiak ezin direla ugaldu.

Nolakoa da liztorren bizi-zikloa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorren bizi-zikloa

Liztorrek urtero koloniak sortzen dituzten arren, hau da, urtero taldean antolatzen diren arren, erregina udaberrian hasten da habiak egiten, arrautzak erruten hasi ahal izateko. Hala ere, erregina gazteak neguan ere habiak sortzeko gai dira.

Langileak (eme antzuak) uda hasieran azaleratzen dira eta habia eraikitzeaz arduratzen dira, bitartean, erreginak arrautzak erruten jarraitzen duelarik. Uda amaieran zenbaki oldarkorrak nabarmentzen hasi eta kolonien gainbehera udazkenean areagotzen da. Gertakari honekin, esan dezakegu habia neguan hil egiten dela ar eta langile guztiak barne. Bitartean, erreginak habitik at hibernatzen du, berriro ere udaberria iritsi eta habiak egiten hasteko itxaroten.

Liztorrak intsektu polinizatzaileak al dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pikuondoa (Ficus carica)

Liztor ar batzuk energia lortzeko loreetara nektarra izeneko likido gozo baten bila joaten diren arren, oro har, ez dira intsektu polinizatzailetzat hartzen, prozesu honen arduradun nagusiak erleak direlarik. Hala ere, badira salbuespen batzuk zein oso modu aktiboan laguntzen duten landare espezie batzuk polinizatzen, pikuen kasuan gertatzen den bezalaxe. Liztorrak fruitu honen polinizatzaile bakarrak dira, eta beraz, ezinbestekoak dira hauek bizirauteko.

Polinizazio prozesu horretan, liztorrek paketeria zerbitzu gisa funtzionatzen dute, polena landare batetik bestera garraiatuz. Aldi berean, pikondoak, janari eta babesleku iturri seguru bat emanez erantzuten du. Truke harreman hau bi espezieen biziraupena ziurtatzeko sinbiosi ezin hobea da.

Habitata: Non bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorrek ia mundu osoan dute presentzia, eta goian aipatu bezala bi kategoria nagusi bereizten dira: bakartiak eta sozialak. Lehenak helduak direnean bakarrik bizi eta lan egiten dute, eta gehienek ez dute habiarik egiten. Intsektu hauek kolonia ugarietan bizi dira, hau da, espezie bereko animaliak lurralde mugatu batean bizi eta hauen kasuan dira eta habiak eraikitzen dituzte.

Intsektu hauek badituzte bizileku preferentziak, horien artean daude, leku eguzkitsuetan bizitzea nahiago dute, mendixketan pareten ondoan, solairu edo teilatu-hegalen azpian...

Hala ere, orokorrean, liztorrek euren habitatak zuhaitzetan edota zuhaixketan , hormetan, estalpeetan, eraikinetako atarien eta teilatuen azpian sortzen dituzte.

Zein mekanismo erabiltzen dute defentsarako?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorren ziztadak gizabanakoa ikaratu izan du beti. Intsektu hauek ziztada, eraso edo defentsarako duten mekanismoa gisa erabiltzen dute. Liztorrak bere eztena baliatuz ziztatzean, intsektuak pozoi bat injektatzen du azalean, eta substantzia horrek mina, azkura, gorritasuna eta hantura sortzen ditu. Substantzia edota pozoia espeziearen araberakoa izan ohi da, eta ehuna suntsitzea ere eragin dezake.

Nola sendatu dezakegu ziztada bat?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorren ziztadak askotarikoak izan daitezke; esaterako, emeen kasuan, ez dute eztenik uzten azalean eta honi soluzioa pausu sinple hauen bidez eman lekiokegu:

  1. Lehenik eta behin garbitu egin behar da kaltetutako eremua urarekin eta xaboiarekin
  2. Oihal batekin estalitako izotz bat jarri behar da 10 minutuz, gero kenduz eta berriro jarriz, ordu erdi bete bete arte.
  3. Minarentzako analgesikoa ematea eta pertsonarengan erreakzio alergikorik dagoen behatzea funtsezkoa da.
Aphidiinae subfamiliako liztor brakonidoa, Cedarako ikerketa-gunean, KwaZulu-Natal.

Nola elikatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorrak harrapariak edo parasitoak dira, oro har lehorreko beste intsektu batzuenak, eta harrapakin kuttuntzat armiarmak dituzte, hauek, beste animalia araknido batzuekin batera, ugalketa anfitrioi bezala erabiltzen dituztelarik. Larbez elikatzen dira eta helduak direnean loreen nektarrez elikatzen dira.

Urte sasoi batzuetan, liztorrak intsektuez elikatzen dira, beldarrak eta euliak barne. Horrez gain, koloniak handitu ahala, gizakiek kontsumitutako elikagaiak erakargarriak egiten zaizkie liztorrei. Hori dela eta, liztorrak animalia orojaleak dira, izan ere, animaliez zein landareez elikatzen diren izaki bizidunak dira.

   Ba al dakizu   

Gizakiek munduko leku batzuetan liztor larbak jaten dituztela?

Zeintzuk dira liztorrez elikatzen diren izakiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liztorra elikatzen den gisan, berau bada beste izaki bizidun ugariren jaki, hala, intsektu hauek jateko prest dagoen animaliak badaude. Egoera ezberdinetan intsektu hauek beste intsektu batzuen harrapakin bilakatzen dira, esaterako sitsarena, kakalardoarena eta beste horrenbesterena. Hauekin batera badaude narrasti eta anfibio ugari liztorrak euren elikagai iturri nagusitzat bilatzen ez dituzten arren, aukera izanez gero ez dute birritan pentsatzen esaterako igela eta muskerra. Hegaztietara salto eginda, Liztorrak noizbehinkako ogitarteko bihurtzen dituztenak badaude mika eta zozoa batik bat. Hauez gain badaude beste harrapari ugari, saguak eta arratoiak, azeriak, mapatxeak, erbinudeak eta azkonarrak nahikoa ausartak dira liztor habia bat erasotzeko, barruan dauden larbak jateko. Ondorioz, mota ezberdinetako izaki bizidunen artean elikadura-harreman bat sortzen da, sare trofikoa, eta beraz, espezie ezberdinak bizirautea ahalbidetuz.