Wikipedia, Entziklopedia askea
Lorearen zatien eskema.

Lorea landare batzuek (landare loredunek, zehazki) duten zati bat da. Bertatik ateratzen dira fruituak eta haziak. Beraz, lorea landare gehienen ugal-aparatua da: ematen dituzten hazietatik sor daitezke beste landare batzuk, lurrera erortzen direnean. Dena dela, badaude beste modu batera ugaltzen diren landareak ere.

Nola osatuta daude loreak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loreak landare loredunen sexu-organoak dira, ugalketan parte hartzen dutenez gero. Eta horretarako hainbat atal edo zati dituzte, eta, haien artean, organo arrak eta organo emeak dituzte:

  • Korola: lorearen petaloak eta sexu-organoak barruan dituen zatia da.
  • Petaloak: korolako kolorezko hostoak dira. Lore-hosto ere deitzen zaie. Loreen zatirik handi eta ikusgarriena izaten da gehienetan, intsektuak erakarri eta polinizazioa gertatzeko.
  • Sepaloak: korolako hosto berdeak; kanpoaldean daude, hasieran petaloak babesten dituzte lorea txikia denean, eta gero askotan petaloak baino txikiagoak izaten dira.
  • Lorezila: organo arra da. Polena ematen duen organoa da.
  • Pistiloa: organo emea da. Azpiko aldean obulutegia dauka, eta, barruan, obuluak, ugalketarako zelula emeak dituzten organoak. Goiko aldean, berriz, estigma dauka, polena jasotzen duen atala.
  • Kaliza: korolaren beheko aldea inguratzen duen estalkia da. Bertatik ateratzen dira sepaloak.

Nola gertatzen da ugalketa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polena pistiloko estigmara iristen denean, haizearen eraginez edo intsektu batek edo beste animalia batek eramanda, polinizazioa gertatzen da; hau da, lorearen obulutegiko obulu bat ernaldu egiten da eta laster aldaketa batzuk gertatuko dira lorean.

Obulua handitzen hasiko da eta fruitu bat emango du. Fruituaren barruan haziak egoten dira. Adibide bat ipinita, gereziondo baten loretik ateratzen dira gereziak; eta gereziek duten hezurra da hazia. Normalean, gereziak eta beste fruituak jan egiten ditugu, ez bakarrik gizakiok, baita beste animalia batzuek ere. Baina gerezia lurrera erotzen bada edota hezur edo hazia lurrean landatzen badugu, azkenik beste landare bat aterako da bertatik.

Hazia lur egokian gertatzen denean, epeltasuna eta ura aurkituz gero, ireki eta ernamuina aterako da, landare berri baten enbrioia. Ernamuin horretako zati bat lur barrura sartuko da eta landarearen erro edo sustraiak eratuko ditu; sustraiek landareak behar dituen ura eta elikagaiak xurgatzen dituzte. Ernamuinaren beste zati bat, aldiz, gorantz hazi eta lurretik kanpora aterako da, landarearen zurtoina osatzeko; zurtoinak sustraiek xurgatutako ura eta mineralak garraiatuko ditu landarearen beste zatietara, bereziki hostoetara, bertan fotosintesia egin ahal izateko.

Landareak hazten jarraituko du heldua izan arte eta berriro ugaltzeko prest egon arte.