Wikipedia, Entziklopedia askea

Lurraren zientziak

Eduki-taula

Sismografoa, sismologiak lurrikarak aztertzeko erabiltzen den tresna.

Lurraren zientziak edo geozientziak deritze Lurra bera, gure planetan dagoen ura eta airea aztertzen dituzten zientziei. Besteak beste, geologia, hidrologia eta zientzia atmosferikoa, Lurraren beraren izaeraz eta portaeraz, uraz eta aireaz arduratzen direnak, hurrenez hurren.

Lurraren zientziak, hitz gutxitan, matematikaren, fisikaren, kimikaren, eta neurri txikiagoan, biologiaren aurrerapenak erabiltzen dituzten zientzia fisikoak dira. Lurraren zientzia gehienek mundu mailako behaketak erabiltzen dituzte eta, hori dela eta, Lurraren zientzietako arazo asko lurrazalaren esplorazioa ondo aurreratuta zegoenean bakarrik hasi ahal izan ziren. Era berean, satelite bidezko behaketak erabili izan dira sarritan.

Nola sailkatu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraren zientzia nagusiak honela multzoka daitezke:

  • Batetik, geografiak eta topografiak Lurraren ezaugarri fisikoak deskribatu eta interpretatzen dituzte ―gauza bera egiten dute baita gizateriak ingurumenarekin dituen elkarrekintza ekonomiko eta sozialekin ere― eta, bestalde, geodesia, Lurraren neurketaren zientzia.
  • Bestetik, geologiak hainbat zientzia ezberdin biltzen ditu bere barnean, horien artean geomorfologia; honek lurrazaleko formen aldaketa-prozesuen jatorria aztertzen ditu, hala nola kontinenteen eta mendien igoera eta jaitsiera. Geofisikak, aldiz, Lurreko fenomeno fisikoak aztertzen ditu, eremu magnetikoa, barneko bero-fluxua eta grabitatearen azterketa ―itsasaldiak barne―, besteak beste. Bestalde, sismologia izeneko zientziak lurrikarak aztertzen ditu, eta geokimikak Lurraren konposizio kimikoa eta elementuen barneko banaketa arautzen duten legeak.
  • Meteorologia atmosfera aztertzen duen zientzia da, gehienbat eguraldia aurreikusteko erabili ohi da eta Lurreko atmosferaren portaeraz eta ezaugarriez arduratzen den fisika atmosferikoaren adartzat har daiteke. Satelite bidez egindako behaketak oso baliozkoak bihurtu dira datu meteorologikoak jasotzerako orduan eta ordenagailu handiak erabiltzen dira horrela bildutako datu kopuru handiak aztertzeko. Klimatologiak, berriz, lehenaldiko nahiz orainaldiko klimak aztertzen ditu, meteorologoek ikertutakoak baino aldakuntza luzeagoez arduratzen da, eta bere garrantzi praktikoa frogatzen ari da basamortuen hedapena eta glaziarren murrizketa adierazteko.
  • Hidrologiak atmosferako zein lurrazaleko uraren zirkulazioa aztertzen ditu. Lurzoruan eta harkaitzetan dagoen urari lurpeko ura deritzo, eta aintzira eta ibaiekin batera gizateriarentzat eskuragarri dagoen ur gezaren erreserba nagusia da; gainontzekoa glaziarrek osatzen dute. Ozeanografia, itsaso zein ozeanoak aztertzen dituen zientzia, nabigaziorako eta arrantzarako laguntza gisa hasi zen lehen pausoak ematen.