Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1835eko azaroaren 30a
Florida (Missouri)
💀
Heriotza
1910eko apirilaren 21a
Redding (Connecticut)
🔨
Lanbidea
kazetari
📷
Argazkiak
ikusi
Mark Twain, 1895eko erretratu batean.

Mark Twain (1835 - 1910) Estatu Batuetako idazle bat izan zen. Gazteentzat idatzi zituen lanengatik ezagutzen dugu, bereziki, «Tom Sawyer-en abenturak» eta «Huckleberry Finn-en abenturak» nobela edo eleberriengatik.

Benetako izena Samuel Langhorne Clemens zuen, eta 1835ean jaio zen Estatu Batuetako hegoaldean. Haren familia txiroa zen.

Oso gaztetan hasi zen lanean inprimategi batean bere familiari laguntzeko; beranduago, hainbat egunkarirentzat egin zuen lan, eta baita Mississippi ibaiko ontzi-pilotu gisa ere. Egunkarientzako umorezko istorioak idazten hasi zen, eta 1860tik aurrera Mark Twain ezizenarekin idazten hasi zen.

Zergatik da ospetsua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mark Twain bere bi nobelari esker bihurtu zen ospetsu: «Tom Sawyer-en abenturak», 1876an argitaratua, eta «Huckleberry Finn-en abenturak», 1884ean argitaratua. Lan horietan, bere gaztaroan Mississippi ibaiaren ondoko bere mundua nolakoa zen aurkezten du. Hala ere, hasieran, bi liburuak debekatu egin zituzten gazteentzat, haietan erabiltzen zen lengoaia gogorragatik.

Gaur egun, nobela preziatuak dira, haren garaiko jende normalaren bizimodu zaila erakusten dutelako. Tom eta Huck mundu honetako parte dira, eta espero ez diren gauzak egiten dituzte. Adibidez, Tom Sawyer haren jabeetatik ihes egin zuen esklabo beltz baten laguna egin zen. Twain arrazismoaren eta esklabotzaren aurka zegoen, eta bere liburuetan argi erakutsi zuen.

Nondik atera zuen bere ezizena?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samuel L. Clemens gaztea zenean, ontzi-pilotu lanetan jardun zen. Ibai-ontzi horietan, soka bat erabili ohi zuten ibaiak sakonera nahikoa ote zuen neurtzeko, ontzia pasatzeko.

Sokak 3,5 metro markatzen zituenean, «Mark Twain» esaten zuten. Hitz horiek «bi markatzen du» esan nahi dute, eta ontziak arazorik gabe nabigatu zezakeela esan nahi zuen. Hori da idazleak aukeratu zuen ezizenaren jatorria.

Irakur daiteke euskaraz?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai, euskaraz ere topa daitezke Twainen hainbat liburu eta kontakizun:

  • Bizirik dago, ala il zan? Hauxe da euskaraz egindako lehen itzulpena, 1957an kaleratua.
  • Tom Sawyer-en abenturak
  • Tom Sawyer detektibe
  • Huckleberry Finn-en abenturak
  • Printzea eta eskalea
  • Erregegaia ta eskekoa
  • Hadleyburg usteldu zuen gizona
  • Hiru kontakizun
  • R arrazarena
  • Zerutiko gutuna