Marte Eguzki-sistemako planeta bat da, Eguzkitik hasita laugarrena (hirugarrena, Lurra da); eguzkitik ia 228 milioi km-ra dago. Antzinako erromatarrek Marte izeneko gerra-jainkoaren izena ipini zioten, kolore gorrixka duelako, odolak bezala. Kolore hori gainazaleko burdin oxidoak ematen dio —herdoilaren antzeko material batek planeta osoa estaltzen du— eta horregatik deitzen zaio Planeta Gorria.
Lurretik Martera dagoen distantzia asko aldatzen da planeten kokapenaren arabera: elkarrengandik urrutien daudenean, planeta bien artean eguzkia dagoenean, bien arteko distantzia ia 400 milioi km-koa izan daiteke; aldiz, bi planetak elkarrengandik hurbilen daudenean, distantzia hori 55 milioi km-koa izaten da.
Gertuen 206.650.000 km
Urrunen 249.261.000 km
Gertuen 54.600.000 km
Urrunen 401.000.000 km
Nolakoa da?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Martek Lurraren tamainaren erdia du, gutxi gorabehera; Lurrak bezala, atmosfera ere badu, baina nahiko fina, bai eta urte-sasoi desberdinak ere. Baina bertan ez da ezer hazten: hauts eta harriz betetako desertu edo basamortu bat da oso-osorik.
Marteko grabitatea Lurrekoa baino hiru aldiz ahulagoa da. Planeta lehorra eta solidoa da, baina noizbait ura edo ozeanoak izan zituela uste da. Orbita oso bat egiteko, 687 egun behar ditu. Marteko urtaroak Lurrekoen bikoitza inguru dira, urtea luzeagoa delako. Gainera, planeta osoa estal dezaketen hauts ekaitz erraldoiak gertatzen dira bertan.
Marten dago Eguzki Sistemako sumendi handiena: Olympus Mons. Everest baino hiru aldiz altuagoa da gutxi gorabehera, eta Tharsis eskualdean dago, beste sumendi handi batzuekin batera. Gaur egun guztiak itzalita daude.
Valles Marineris arroilak 4.000 kilometroko luzera du —Europaren zabalera ia osoa bezainbeste—. Lurreko Arroila Handia baino askoz handiagoa da, eta 7 kilometro arteko sakonera du leku batzuetan.
Bi ilargi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martek bi ilargi ditu: Phobos eta Deimos, noizbait asteroideak izandakoak. Phobos da bien artean azkarragoa, eta Martetik oso hurbil orbitan dabil.
Zientzialariek aurreikusten dute 50 milioi urte barru Marten eraztun sistema ikusgarri bat agertuko dela. Zergatik? Marteko grabitazioak Phobos ilargia —hurbilena— zatituko duelako. Saturno bezalako eraztun bat izango du orduan Martek!
Barneko egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marte planeta telurikoa da, harrizkoa alegia, Lurraren antzera. Bere barnealdean nukleo metaliko bat du, gehienbat burdina eta nikelez osatua, mantu silikatoz inguratuta. Planetaren lurrazalaren batez besteko lodiera 50 kilometrokoa da.
Ura Marten
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martetik ikusita, zerua ez da urdina, arrosa edo gorrixka baizik.
Martek berak kolore gorrixka du, gainazalean dituen mineralen eraginez; haren atmosferan planetako hauts ugari dago, kolore horretakoa, eta, horregatik, zeruak ere kolore horixe du.
Gaur egun ur likidoa ezin da Marteko azaleran egon, atmosferako presioa oso baxua delako. Hala ere, bi poloetako izotz kaskoak urez egindakoak direla dirudi. Iraganean, ur likidoak planetaren azala zeharkatu zuen eta haran eta arroila handiak sortu zituen. Zientzialariek uste dute Marten ozeano bat egon zela aspaldi.
Biziaren bila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zientzialariek Marten bizia egon zen ala ez aztertzen ari dira. 1970eko hamarkadan Viking zundek esperimentuak egin zituzten han, eta emaitza bitxiak lortu zituzten. Gaur egun, Curiosity eta beste ibilgailu batzuek jarraitzen dute planeta aztertzen, iraganeko bizitza aztarnak bilatuz. Marteko atmosferan metanoa ere detektatu da, agian izaki mikroskopikoen adierazle.
1976. urtean, gizakiek Martera bidalitako espazio-zunda (esplorazio-gailu) batek argazki ospetsu batzuk egin zituen; bertan, eskultura erraldoi baten aurpegia ikusi zuten pertsona askok; izaki adimentsuek egindako zerbait zela pentsatu nahi izan zuen jende askok. Baina argazki haiek ez ziren oso onak; geroago, 1998, 2001 eta 2002. urtean, beste zunda batzuk bidali ziren bertara, eta argi eta garbi ikusi zen mendi bat besterik ez zela.
Lurretik nola ikus daiteke?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marte erraz ikusten da Lurretik begi hutsez kolore gorrixkarekin. Batzuetan zeruko objektu distiratsuenetako bat da, Artizarraren eta Jupiterren ostean. Teleskopio batekin poloetako izotz geruzak eta azalerako xehetasunak ikusi daitezke.
