Wikipedia, Entziklopedia askea

Meatzaritza

Meategi bateko tunela.

Meatzaritza lurpetik metalak, arrokak eta, oro har, mineralak ateratzeko jarduera da. Lurraren azalak mineral ugari eta beste material asko ditu, jendearentzat baliagarriak direnak. Baliabide natural baliotsu horiek lortzeko, lurra zulatu behar da. Irekitzen diren zuloei meatzeak edo meategiak deitzen zaie. Meategi batzuk putzu estuak dira, edo lurpeko putzu edo tunel sakonak dira. Beste meategi batzuk zerupean irekitako zulo handiak dira, arroilak bezalakoak. Meatzaritzan lan egiten dutenei meatzari deitzen zaie.

Jendeak meatzeak egiten ditu diamanteak, ikatza, zilarra, gatza eta beste material asko lortzeko. Meatze batek eraikitzeko harria ematen duenean, harrobi deitzen zaio. Petrolioaren kasuan, meatzaritza mota berezi bat da, eta, kasu honetan, lur-zuloari putzua deitzen zaio, ez meatzea. .

Nola egiten dira meategiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatze edo meategi bat egiteko modu asko daude. Bide bat lurpeko tunelak zulatzea da. Beste modu bat lurra eta harkaitza kentzea da hobi bat sortzeko.

Tunel moduko meatzeak hainbat kilometro luze izaten dira. Batzuetan tunelak "gela" edo barrunbe handietan irekitzen dira. Barrunbe horietan, lurpean lan egiten duten meatzariek makina handiak erabiltzen dituzte hormak zulatzeko. Hori egin ahal izateko, airea, ura eta elektrizitatea jaitsi behar zaizkie lurgainetik.

Langileek lurra mugitzeko makina handiak erabiltzen dituzte zerupeko meatze irekiak egiteko. Makinek lurra induskatu edo kentzen dute mineralak aurkitu arte. Makinek gero eta sakonago zulatzen dutenez, zulo handi bat sortzen dute lurrean.

Batzuetan meatzariek lehergailuak erabili behar dituzte, dinamita adibidez, tunelak sortzeko edo Lurraren azal gogorra apurtzeko. Leherketa hauek, gainera, materialak pieza txikiagoetan puskatzen dituzte, biltzeko errazagoak izan daitezen.

Zerupeko meategi irekia.

Meategietako arriskuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meatzaritza lan arriskutsua da. Tunel-meatzeak erori egin daitezke edo oso azkar urez bete. Horrelako hondamendiak gertatzen direnean, meatzariak barrualdean geratu eta arrisku handian egon daitezke. Meatze-lanetan erabiltzen diren leherketek, bestalde, gas pozoitsuak ere aska ditzakete.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendeak historiaurreko garaietatik zulatu ditu meategiak. Duela ehunka mila urte, Harri Aroan, jendeak lurra zulatu zuen silex edo suharri izeneko harriaren bila. Harri hori armak eta tresnak egiteko erabiltzen zen.

Atera zen lehen metala kobrea izan  zen. Kobrezko meategirik zaharrenak Egipton daude. Antzinako egiptoarrek duela 7.000 urte zulatu zituzten meategi hauek. Duela 5.000 urte, jendea eztainua ateratzen hasi zen eta kobrearekin nahasi zuten brontzea sortzeko. Metal hau garrantzitsua zen arma eta erreminta sendo eta iraunkorrak egiteko. Geroagoko herriek burdina ateratzen zuten tresna eta arma indartsuagoak egiteko.

Antzinako greziarrek eraikin eder askotarako marmola ateratzen zuten harrobietatik. Antzinako erromatarrek meatzaritza-lan handiak egin zituzten, konkistatu zituzten lurretan haietako asko. XV. eta XVI. mendeetan, espainiarrak aberastu egin ziren Ameriketan urrea eta zilarra lortuz.

Meatzari bat lanean.

Gaur egun Estatu Batuetan XVIII. mendean hasi ziren meatze-lanak. Bitartean, Britainia Handian ikatz-meatzaritzak Industria-iraultza hasi zuen. Garai hartan jendea makinak erabiltzen hasi zen produktuak egiteko. Ikatza energia-iturri garrantzitsua zen makinak martxan jartzeko.

XX. mendean, hainbat herrialdek lan egin zuten meatzaritza meatzarientzat seguruagoa izateko. Gaur, jende asko kezkatuta dago kutsaduragatik eta meatzaritzak ingurumenean eragindako beste kalte batzuengatik.