Wikipedia, Entziklopedia askea
   Artikulua entzun!

Mendia inguruko eremutik nabarmenki goratzen den lur zati bat da, tamaina handikoa, gailur edo tontor batean bukatzen dena.

Ohituraz, 600 edo 700 metroko altuera dutenei deitzen zaie mendi, eta gutxiago dutenei, berriz, muino edo mendixka.

Harkaitz, harri, lur eta, batzuetan, labaz osatuta daude.

Nola sortuak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txindoki mendia.

Lurrazala osatzen duten plaka handiek elkarrekin talka egiten dutenean sortuak dira; plakek elkarren kontra indar egiten dutenez, azkenik lurrazala tolestu egiten da, eta plaka bat altxatu eta bestea hondoratu egiten da. Prozesu honi orogenesia deitzen zaio.

Mendiak orogenesiaren bidez altuera desberdinetara altxatu eta gero, eraldaketak jasaten dituzte higaduraren eraginez edo geroagoko mugimendu tektonikoen ondorioz. Higadura bide egokia izaten da jakiteko halako mendi bat gaztea ala zaharra den jakiteko (garai geologikoan, noski); tontor malkartsua edo zorrotza bada, orduan mendi gaztea da; aitzitik, tontor borobila badu, denbora luzeko higadura jasan duen mendi zaharra dela esan nahi du.

Orogenesiaren bidez sortutakoak dira munduko mendi eta mendilerro edo mendikaterik handienak: Himalaia mendikatea Asian, Alpeak mendikatea Europan edo Andeak mendikatea Ameriketan. Sumendiak, berriz, ez dira horrela sortutakoak, lurrazalean pitzadurak daudelako eta laba kanpora atera delako baizik, mendi bat osatu arte.

Munduko mendirik altuena Everest da, 8.848 m dituena. Asian dago, Himalaia mendikatean, Txina eta Nepal arteko mugan. Euskal Herriko mendirik garaiena, berriz, Hiru Erregeen Mahaia da, 2.446 metrorekin, Pirinioetan.

Mendien zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendietan, hainbat zati edo alde bereizten ditugu:

  • Mendi-oina: beheko zatia, mendiaren azpiko lurzoruan hasten dena. Beste izen ugari ere ematen zaizkio euskara: mendiazpia, mendi-behea, mendibarrena, mendizola.
  • Mendi-magala: mendi-oinetik gorantz doan zati aldapatsua. Euskaraz beste modu askotara ere deitzen zaio: mendi-aldapa, mendi-aldatsa, mendi-hegala, mendi-hegia, mendi-magala, mendi-malda, mendi-mazela, mendi-saihetsa.
  • Gailurra: mendiaren goiko aldea. Beste izen batzuk ere baditugu euskaraz: mendi-gaina, mendi-gandorra, mendi-goia, mendi-punta, tontorra.

Zergatik dira garrantzitsuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendiak funtsezkoak dira planetaren biodibertsitaterako eta klimaren aldaketan. Lehenik eta behin, haizearen eta uholdeen aurkako hesi naturalak dira, eta, ondorioz, ekaitzek eta urakanek aurrera egitea eragozten dute.

Gainera, baliabide hidrikoen iturri dira hainbat eskualderentzat, ibaiak mendi-hegaletan sortzen baitira. Badira, jakina, ibairik eta landaredi handirik ez duten mendi lehorrak ere, eta batzuetan gertatzen da mendi bat hondamendi natural baten jatorria izatea, luiziak edo lubiziak gertatzen direnean bezala; hau da, mendi-hegaletako lur zati handiak erortzen direnean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]