Wikipedia, Entziklopedia askea

Musika genero

Zea Mays izeneko euskal taldearen emanaldia

Musika generoa musika egiteko modu bakoitzari esaten zaio; adibide bat ematearren, musika-genero desberdinekoak dira Johann Sebastian Bach-en musika eta Zea Mays (musika taldea) izeneko euskal taldearena.

Musika-genero zaharrenak musika tradizionala eta musika erlijiosoa dira. Musika folkloriko edo tradizionala belaunaldiz belaunaldi transmititutako kanta eta doinu oso zaharrak dira. Jendeak kanta tradizionalen hitzak eta musika ezagutu ohi ditu, baina musika folklorikoa ez da zertan musika-tresna jakin batekin jo: hainbat musika-tresna erabili daitezke genero hau jotzeko. Gaur egungo musikari batzuek instrumentu modernoekin jotzen dituzte kanta herrikoiak eta haur-kantak, gaur egungo jendearen gustukoak izan daitezen.

Zer musika-genero daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilitako musika-tresnen arabera bereizten dira musika-generoak. Adibidez, Johann Sebastian Bach-en musika biolinak, biolontxeloak, txirulak, tronpetak eta beste hainbat tresna dituzten orkestrek jotzen dute. Musika mota horri musika klasikoa esaten zaio. Musika klasikoa oso genero zaharra da, eta XVI. mendetik hasi eta gaur egun arteko orkestrentzako musika oro biltzen du. Aldi hori hain denez luzea, musika klasikoa asko aldatu da. Horregatik, oso ezberdinak dira XVI. mendeko musika klasikoa eta gaur egungoa.

Musika-genero asko eta asko daude munduan, kultura bakoitzak musika egiteko bere modua duelako. Gainera, munduko toki bakoitzean tresna oso ezberdinak erabiltzen dira. Adibidez, Afrikan eta Europan ez zen musika berdina jotzen. Bi kulturek topo egin zutenean, haien musika-generoak nahastu eta are gehiago aldatu ziren.

Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetara eramandako esklabo afrikarrek blues deitzen den musika-mota jotzen zuten. Kolono zuriek, aldiz, country musika jotzen zuten. Nolanahi ere, gerora AEBko zuriak bluesa jotzen hasi ziren. Bluesa eta countrya nahastu eta pixkanaka rock musika sortu zen, eta geroago, pop musika.

Bluesa, countrya, rocka eta baita popa ere talde txikiagoek jotzen dituzte, ez orkestra osoek. Musika-mota horietan guztietan gitarra garrantzi handikoa da, baina musika klasikoan ez da ohikoa. Bluesean tronpetak edo saxofoiak agertu ohi dira, rockean bateria da garrantzitsuagoa eta pop musikan pianoa ere erabili ohi da.

Rockak eta pop musikak aldatzen jarraitu zuten, eta, esaterako, rock musikatik beat-a, punka eta metal musika sortu ziren. Gazteak hasi ziren musika-mota horiek guztiak jotzen, aurrekoengandik ezberdintzeko. Ordenagailuak agertu zirenetik, ordenagailuekin egindako musika ere badago, tekno izenez ezaguna dena.