Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nafarroako Erresuma Euskal Herriko erresuma independente bat zen, gaur egungo Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta inguruko lurraldeetan hedatuta. 9. mendean sortu zen Iruñea hiriaren inguruan. Hasieran Iruñeko Erresuma deitzen zen. Zatika Erdi Aroan konkistatzen hasi baziren ere, 1841 arte iraun zuen, modu batera edo bestera.

Euskaldunak ziren Nafarroaren oinarria, baina denboraren joanean, batzuk erresumatik kanpo gelditu ziren, eta beste batzuk erdaldundu ziren. Mende luzetan, batzuetan indartsua eta batzuetan txikia, Nafarroako Erresumak bere buruari eutsi zion inguruko erresuma handiagoen artean: Gaztela, Aragoi eta Frantzia.

Nola sortu zen?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orreagako Guduaren oroitarria

Gaurko Nafarroa dagoen lurraldean, aspaldi-aspaldidanik baskoiak bizi ziren. Erromatar Inperioarengaraian, Iruñea hiri garrantzitsua zen. Inperioa erori ondoren, frankoak eta bisigodoak etorri ziren ingurura. 8. mendean musulmanak iritsi ziren. Hala ere, baskoiek oraindik bazuten inguruaren kontrola.

778. urtean, Karlomagno erregeak Iruñea erre zuen Pirinioetan zehar itzuli zenean. Orduan, baskoiak gainera etorri zitzaizkion Orreagako mendatean; guduan, frankoen armada birrindu zuten.

Lagun izan zituzten Tuterako banukasitarrak, eta Pirinioez iparraldeko baskoiak. Era horretan, IX. mendean, baskoi handikiek Iruñeko ingurua batu eta erresuma txiki bat sortu zuten, kanpoko erasoetatik babesteko.

Antso III.a: handitasunaren aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nafarroako Erresuma Antso III.a hil zenean (1035). Orduan zen handiena

Erresumaren aro distiratsuena Antso III.a Nagusiarekin (1004-1035) iritsi zen. Bere garaian Nafarroak egungo Euskal Herri osoa, Gaztela eta Aragoi ere barne hartzen zituen. Bera zen Iberiar penintsulako errege kristauen artean boteretsuena.

Euskaldunen lurralde osoa gobernatzera heldu zen, baina baita beste hizkuntza bateko herriak ere. Dena den, ez zituen indarrez batu: bakoitzari bere foruak eta ohiturak errespetatu zizkion. Monasterioei ere bultzada handia eman zien, bereziki Leireko monasterioa indartu zuen.

Hil zenean, bere lurraldeak seme desberdinen artean banatu zituen. Hala ere, Iruñeko erregearen mende egon behar ziren. Ondoren, liskarrak sortu ziren eta, pixkanaka, Nafarroak galdu zituen. Antsok Clunyko Ordenako elizgizonak bultzatu zituen Nafarroan.

Nafarroako Foruak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erresumaren berezitasun nagusietako bat foruen sistema zen. Foru horiek lege-bildumak ziren, herri bakoitzaren eskubideak eta askatasunak babesten zituztenak.

  • Erregeak foruei zin egin behar zien koroa hartu baino lehen.
  • Gorteek hiru estamentu zituzten: nobleak, elizgizonak eta herritarrak. Legeak onartu eta zergak kontrolatzen zituzten.
  • Herriek batzarretan eztabaidatu eta erabakitzen zituzten beren arazoak; hiribilduetan, batzar horiek ez ziren hain irekiak.

Sistema hori oso berezia zen bere garaian: erregeak ezin zuen nahi zuena egin, herriaren adostasunarekin gobernatu behar zuen. Paktismoa deitzen zaio sistema horri, Euskal Herriko ohiko filosofia politikoa.

XI. mendetik, nafar erregeak hiri gutunak (edo foruak) ematen hasi ziren, ohituran oinarrituak. Tokiko gizarte eta ekonomia arautzen zuten. Lizarrako hiri gutunak dira ezagunenak (1076 eta 1164). Hirietako foruak euskaldunen tradizio zabalagoan oinarritzen ziren.

1234an, Antso Azkarra hil zen, eta atzerriko erregeak hasi ziren Nafarroan agintzen. Tibalt I.a izan zen lehendabiziko errege arrotza. Errege frantses berriek bertako ohiturak eta legeak nolakoak ziren jakiteko, Nafarroako Foru Nagusia idatzi zen (1238tik). Konstituzio moduko bat zen, Europan oso aurreratua bere garairako.

Lurraldeak galdu eta irabazi

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1199-1200eko inbasioa: marroi argiz ikusten dira Gaztelak hartutako lurraldeak (Araba, Gipuzkoa, Durangaldea)

Mendetan, Nafarroako Erresumak borroka etengabea bizi zuen bere lurraldeak gordetzeko:

  • XI. mendea. Antso III.aren heriotzaren ondoren, lurraldeak galtzen hasi ziren.
  • XII. mendea. mendebaldeko hainbat eskualde eta herri galdu ziren Gaztelaren alde.
  • 1199-1200. Inbasio handian, Gaztela sartu zen mendebaldeko Euskal Herrian eta Gasteiz, Durango, Gipuzkoa eta Araba hartu zituen. Nafarroak itsasaldea eta bere azaleraren % 30 galdu zuen.
  • 1512. Nafarroa Garaia Espainiak konkistatu zuen. Hego Nafarroa galdu zen.
  • 1620. Nafarroa Beherea Frantziaren parte bihurtu zen, baina nahiko autonomoa zen hasieran.
  • 1841. Nafarroa Garaiak erresuma izateari utzi zion, eta Espainiako probintzia bihurtu zen ia osorik.

Herria eta hizkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erresuman, euskara zen herriak hitz egin eta ulertu ohi zuen hizkuntza, batez ere nekazari eta herritar arruntek. Goi noblezia eta elizgizonak elebidunak ziren. Latina agiri ofizialetan eta elizkizunetarako erabiltzen zen, eta batzuetan hizkuntza erromantzeak ere erabiltzen ziren.

Donejakue bideak garrantzi handia zuen ekonomian: Europatik zetozen erromesak, eta haiekin batera merkataritza. Bidearen inguruan hiribildu berriak sortu ziren, eta batzuetan Pirinioen iparraldetik etorritako jendea ere (frankoak deituak) bertaratu zen.