Wikipedia, Entziklopedia askea

Neurri

Metro tolesgarria.

Neurria zerbaitek duen ezaugarri jakin bat (luzera, azalera, bolumena, pisua, kopurua eta abar) adierazten duen balioa da; balio hori beti zenbaki baten bitartez adierazten dugu. Jendeak egunero erabiltzen ditu neurriak etxean, lanean, eskolan eta beste leku askotan. Baina neurri oso desberdinak erabiltzen dira.

Zehatzak izateko, neurri guztietan halako unitate edo estandar batzuk erabiltzen dira; hau da, mundu guztiak adostu duen kantitate jakin bat. Adibidez, mundu guztiak adostu du kilogramo bat halako pisu-kopuru jakin bat dela. Edo metro bat halako luzera edo distantzia jakin bat dela. Luzera, bolumena, denbora, tenperatura eta beste ezaugarri asko neurtzeko, unitate edo estandar desberdinak daude.

Unitateak magnitude ezberdinetarako erabiltzen diren izenak dira. Historian zehar, jendeak neurketa-sistema asko sortu ditu. Sistema bakoitzak bere arau multzoa du; hau da, bakoitzak neurtzeko modu ezberdina du. Euskal Herrian, eta ia mundu guztian, sistema metrikoa erabiltzen da gaur egun; baina Erresuma Batuan edo Estatu Batuetan sistema ingelesa erabiltzen dute; sistema horretan, ez dituzte kilogramoak erabiltzen pisu-unitate bezala, liberak baizik. Eta kilo batek 2,2 libera balio ditu.