Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Normandiarren lurraldea gorriz eta konkistatutako lurrak morez

Normandiarrak jatorri bikingoko herri bat ziren, X. mendean Frantziako iparraldean, gaur egungo Normandian, ezarri zena. Europako iparraldetik zetozelako zute izen hori, hain zuzen ere "norman-" horrek "iparraldeko gizonak" esan nahi baitu.[1]

Frantziako erregeen agindupean, konkistatzaile bikingoak pixkanaka frankoekin nahasi ziren, frantsesa eta erlijio kristaua bereganatu zituzten, haien jatorrizko politeismoa alde batera utziz, eta horrela, herri normandiarra sortu zen.

Normandiarrek IX. mendean izan zituzten erroak, gaur egungo Danimarka eta Norvegiako lurretatik etorritako talde ugarik Europako kostaldeak eraso zituztenean. Frantzia zigortu zuten bereziki, bertako ibaiak egoki samarrak baitziren bikingoen itsasontziak barrualdeko herrietara iristeko. XI. mendean zehar, Paris hiria zenbait alditan setiatu zuten Sena ibaitik iritsitako espedizioek.

Normandiako dukerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normandiako dukerria 911. urtean sortu zen. Frantziako errege Karlos III.ak zenbait lur eman zizkion Hrolf Ganger (“Rollo” edo “Rollon” gisa ezaguna) buruzagi bikingoari, ozeano Atlantikoaren ondoan, beste bikingoen erasoak geldiarazteko asmoz. Horrela sortu zen Normandiako Dukerria, Frantziako erregearen basailu edo mendekoa zena.

Hrolf Ganger printzesa franko batekin ezkondu zen, kristautasunera aldatu zen eta bere babesa eskaini zion Elizari. Horrela, Goi Erdi Aroko erreinu feudaletako ohiturak finkatzen eta asimilatzen hasi ziren.

Testuinguru horretan, noblezia normandiarrak azkar berenganatu zituen noblezia feudalaren ohiturak, hala nola gazteluak eta gotorlekuak eraikiz lurraldeak okupatzea, basailutza eta zaldigintza erabiltzea, eta guduetan zalduntza-taktikak aplikatzea.

Normandiarren lorpen nagusienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normandiako Dukerritik, normandiarrak Britainiar uharteetara eta Mediterraneoko kostaldeetara zabaldu ziren. Zenbait autorek diote hedapen hori tradizio bikingo berarengatik datorrela, eta baita sistema feudalak berak ere noblezia nagi bat sortu zuelako, aberastasunak eta abenturak bilatzen zituena.

Ingalaterraren konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1066an, Normandiako Gilen dukeak Britainiar uharteak inbaditu zituen. Urte horretako irailaren 14an, Haroldo II.a errege anglosaxoiari aurre egin zion eta menderatu egin zuen Hastingseko guduan. Errege anglosaxoia borroka hartan hil zen. Bertako nobleziaren erresistentzia eta matxinada ugariak gorabehera, urte gutxiren buruan normandiarrek beren boterea ezarri ahal izan zuten lurraldearen okupazio eraginkorraren bidez, gazteluak eraikiz eta kolonoak instalatuz.

Hurrengo bi mendeetan zehar, anglosaxoien eta normandiarren ondare kulturalak batu zituen gizarte bat sortu zen. Haren arrastoak gaur arte iraun du, bereziki hizkuntzan: ingelesaren lexikoan eta gramatikan ikus daiteke frankoen eragina.

Italiako hegoaldearen konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaztelu normandiarra Sizilian

Italiako hegoaldearen konkista XI. mendean hasi zen, ez helburu hori zuen espedizio batekin, baizik eta erreinuan finkatzen joan ziren normandiarren hainbat olaturen ondorioz.

Olatu horien jatorriaren inguruan adostasunik ez dago. Litekeena da Lur Santura iristeko erromesaldietan geldialdia egiten zuten taldeak izatea, edo bertako nobleen zerbitzura soldatapean aritzen ziren gerlariak.

Garai hartan, lombardiarren, bizantziarren eta musulmanen arteko liskarrak zeuden Mediterraneoko eskualde horretaz jabetzeko, eta normandiarrek egoera hori baliatu zuten beren jaurerri txikiak ezartzeko.

XI. mendean zehar, Apuliako lurraldea okupatu eta iparralderantz hedatu ziren. 1071. urtean, Roberto Guiscard-ek musulmanak Siziliatik kanporatu zituen, eta bere anaia Roger izendatu zuen Siziliako konde. Hurrengo hamarkadetan, beren nagusitasuna Napoliraino eraman zuten. XII. mendearen erdialdean, normandiar dukerriak bateratu eta Siziliako Erresuma sortu zen. Erresuma honek, beste dinastia batzuen menpe egon bazen ere, 1814. urtera arte iraun zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Normandiar» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-11-04).