Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
1854ko urriaren 16a
Dublin
💀
Heriotza
1900eko azaroaren 30a
Parisko 6. barrutia eta Paris
🔨
Lanbidea
olerkari
📷
Argazkiak
ikusi
Oscar Wilderen omenezko estatua Dublinen

Oscar Wilde XIX. mendeko irlandar idazle famatu bat izan zen. Ingelesez idatzitako komedia dibertigarri eta adimentsuenetako batzuk idatzi zituen, hala nola «Lady Windermereren haizemailea» (1892) eta «Ernesto izatearen garrantzia». Haren eleberri bakarragatik ere ezaguna da: «Dorian Grayren erretratua» (1891). Wilde gizon jakintsua eta umore-sen handikoa zen, baina haren bizitza modu txiro eta tristean bukatu zen.[1]

Wilde 1854eko urriaren 16an sortu zen Dublinen, Irlandan. Haren aita mediku errespetatu bat zen eta haren amak poesia idazten zuen eta [[Txikipedia:mitologia|]] eta kondaira zeltei buruz asko zekien. Txikitatik liburuak eta istorioak irakurtzea asko gustatzen zitzaion. Bere amak ipuin zoragarriak kontatzen omen zizkion, eta horri esker, Oscarrek irudimena lantzen eta gauza harrigarriak idazten ikasi zuen.

Wilde ikasle oso ona izan zen. Lehenik «Portora Royal School»-en ikasi zuen eta ondoren Dublingo Trinity College Unibertsitatean. Gero, Ingalaterrako Oxford Unibertsitatean ikasteko dirulaguntza bat lortu zuen. Bertan egindako lan poetiko bati esker sari bat irabazi zuen eta nota onekin graduatu zen.

1884an Constance Lloydekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten. Aldizkari batean editore moduan ere lan egin zuen eta ipuinak idatzi zituen, hala nola «Printze zoriontsua eta beste ipuin batzuk» (1888). Antzerki-testuak idatzi zituen batik bat eta horiei esker bereziki ospetsu bihurtu zen, oso modu dibertigarri eta dotorean idazten zuelako.

Azkeneko urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1891an, Wildek, Lord Alfred Douglasekin harreman sentimental bat hasi zuen, eta horrek eskandalu handia sortu zuen. Douglasen aitak homosexualitatea leporatu zion, momentuan Ingalaterran delitua zena. Wilde atxilotu, epaitu eta bi urtez bortxazko lanak egitera zigortu zuten 1895ean.

Kartzelatik ateratakoan, Frantziara joan zen bizitzera. Bertan, azkeneko poema idatzi zuen: «Reading Bahitegiko Leloa» (1898), non kartzelean bizitutako sufrimenduari buruz hitz egiten zuen.

Wilde 1900eko azaroaren 30ean hil zen Parisen, 46 urterekin, belarriko infekzio bat okertzearen ondorioz. Bere bizitzan arazo ugari izan zituen eta une gogorrak bizi behar izan zituen, baina haren talentua ez zen inoiz desagertu. Gaur egun ere, mundu osoko jendeak haren liburuak irakurri eta haren antzezlanak ikusten ditu, magikoak eta zirraragarriak direlako.

Artista desberdina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artea, «mezurik» edota «irakaspenik» eduki beharrik gabe, bere edertasunagatik miretsi behar zela esaten zuen mugimendu estetiko baten parte izan zen.

1881an argitaratu zuen bere lehenengo poema-liburua. Urte bat geroago Estatu Batuetatik eta Kanadatik bidaiatu zuen, arteari eta edertasunari buruzko hitzaldiak ematera. Janzkeragatik atentzioa ematen zuen: belusezko txaketak, galtzazpiak eta zetazko media beltzak erabiltzen zituen. Jendeari hitz egitea eta bere esapide adimentsuekin barrea eragitea maite zuen. Kritika asko jaso arren, jende askok arretaz entzuten zuen.

Lan garrantzitsuenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890eko hamarkadan idatzi zituen Wildek bere obra ospetsuenak:

  • Doryan Grayren erretratua (The Picture of Dorian Gray, 1891): beti gazte izan nahi duen gizon bati buruzko eleberria da. Liburuak kritika asko jaso zituen bere edukiagatik, baina gaur egun klasiko bat da.
  • Asmoak (Intentions, 1891): saiakera-bilduma bat da eta bertan bere artearen ikuspuntua defendatzen du.
  • Lord Arthur Savileren krimena eta beste istorio batzuk eta Alesagarrez egindako etxe bat. Ipuin eta elezaharrak.

Bere arrakasta handiena antzerkiarekin lortu zuen. Wildek komediak idazten zituen, umore eta ironia handiz. Lanik ezagunenak hauek dira:

  • Lady Windermereren haizemailea (Lady Windermere's fan, 1892).
  • Garrantzirik gabeko emakume bat (A Woman of No Importance, 1893)
  • Senar ideal bat (An ideal Husband, 1895)
  • Ernesto izatearen garrantzia, (The importance of Being Earnest, 1895): bere lanik hoberentzat hartzen da; garai hartako gizartearekiko kritika dibertigarri bat da.
  • Salomé (1893), frantsesez idatzia, Bibliako pertsonaiez hitz egiteagatik Ingalaterran zentsuratu zutena.

Euskarazko itzulpenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oscar Wilderen lan asko irakur daitezke euskaraz. Itzulpenik berrienak honako hauek dira:

  • Lord Arthur Savileren krimena, Erein argitaletxea, 1992. Itzultzailea: Felipe Juaristi.
  • Fidel izan beharraz (The importance of being Earnest), Ibaizabal argitaletxea, 2000. Itzultzailea: Antton Olano.
  • Printze zoriontsua eta beste ipuin batzuk, Elkar argitaletxea, 2001. Itzultzailea: Iñaki Mendiguren.
  • Dorian Grayren erretratua, Hiria argitaletxea, 2011. Itzultzailea: Aitor Arana.
  • Cantervilleko mamua eta beste ipuin batzuk, Vicens Vices argitaletxea, 2017. Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Oscar Wilde» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-09-13).