Txikipedia:Oxidazio-egoera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Plutonio ioiak zenbait oxidazio-egoeratan

Oxidazio-egoerak (edo oxidazio-zenbakiak) adierazten du konposatu kimiko bat sortzen denean elementu batek erantsitako edo kendutako elektroien kopurua. Sodio metalak, esate baterako, 0 oxidazio-egoera du oinarrizko egoeran. Baina balentzia-elektroiaren (kanpoko) elektroi bat (e, elektronikoki adierazita) galtzen duenean, Na+ sodio ioia sortzen da, eta oxidazio-egoera +1 da. Burdina beste adibide bat da. Burdinak bi elektroi galtzen baditu, Fe+2 burdin ioia osatzen du, eta oxidazio-egoera +2 da. Baina hiru elektroi ere gal ditzake; orduan, Fe+3 ioia osatzen du, eta oxidazio-egoera +3 da .

Elementuek elektroiak jasotzen badituzte, oxidazio-egoera negatiboa dute. Adibidez, kloroak elektroi bat jasotzen badu, Cl (kloruro ioia) osatzen du eta oxidazio-egoera –1 da; sufreak bi elektroi jasotzen baditu, S–2 (sulfuro ioia) osatzen du eta oxidazio-egoera –2 da.

Na+ ioiak eta Cl- ioiak konposatu bat osatzen dute: NaCl, sodio kloruroa (gatz arrunta). Edo Fe+2 ioiak eta S–2 ioiak FeS konposatua osatzen dute: burdin sulfuroa.

Elementu aske guztiek oxidazio-egoera 0 dute.

Oxigenoak oxidazio-zenbakia –2 du bere konposatu gehienetan, peroxidoetan izan ezik. Horietan, oxidazio-zenbakia –1 dauka.

Hidrogenoak oxidazio-egoera +1 dauka konposatu gehienetan, Na bezalako elementu elektropositiboen aurrean izan ezik; izan ere, horretan hidrogenoaren oxidazio-zenbakia –1 da.

Metal alkalinoek oxidazio-egoera +1 dute.

Metal lurralkalinoek oxidazio-egoera +2 dute.

Molekula batean, atomo guztien oxidazio-egoerak batuta 0 emaitza izan behar du, eta ioi batean ioiaren karga lortu behar du.

Adibideak: Permanganato potasikoa KMnO4, Mn-aren oxidazio-egoera +7 da. CrO42–kromato ioian, Cr-aren oxidazio-egoera +6 da.