Wikipedia, Entziklopedia askea
Paisaia naturala.
Paisaia humanizatua.

Paisaia lur eremu bat da, ikus daitekeen bezala. Horren barruan sartzen dira lurraldearen forma desberdinak, flora, fauna eta giza jardueraren elementuak edo gizakiek eraikitako objektuak, adibidez.

Lurrazalean gertatzen diren hainbat faktorek (latitudeak, kontinentaltasunak, erliebeak) eta beste hainbat elementuk (ezaugarri fisikoek, florak eta faunak) zerikusi nabarmena dute paisaiaren nolakoan. Gizakiek eragin handiagoa edo txikiagoa edukitzen dute paisaian; horren arabera, honelako bi paisaia motak bereizten dira:

  • Paisaia naturalak edo biomak: gizakiaren esku-hartzerik gabeko paisaiak. Paisaia hauek lurralde jakin bateko erliebearen, klimaren, uraren, landaretzaren eta faunaren arteko konbinazio ugarien emaitza dira.
  • Paisaia humanizatuak: gizakiaren jardueraren ondorio direnak. Gizakia da gaur egun paisaiaren eraldatzaile nagusia, bere jarduera ekonomikoen eta gaitasun teknologiko handiaren bitartez.

Paisaia naturalak, klimaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrean klima beroak, epelak eta hotzak egonda, desberdintasun handiak daude paisaietan klimaren eraginez.

Klima beroko lurraldeetako paisaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru paisaia mota bereizten dira:

  • Paisaia ekuatorialak: paisaia honetako landaretza bereizgarria oihan ekuatoriala da. Lurralde hauek gure planetan biodibertsitate handiena dutenak dira, eta landarez eta zuhaitzez osatutako landaretza trinko batez osatuta daude. Leku horietako fauna zuhaitzetan bizi da nagusiki: loroak, guakamaioak eta holako hegazti ikusgarriak. Gainera, era askotako intsektu, anfibio eta narrastiak daude. Primateak eta felinoak dira aipagarrienak ugaztunen artean. Paisaia ekuatorialetako batzuk mangladiak eta Amazoniako oihanak dira.
  • Basamortuak: hareazko dunak eta lautada edo mendialde harritsuak dira basamortuetan aurkitzen diren paisaiak. Landaretza urria du, ur faltari eta tenperatura altuei egokitua, hala nola kaktusak eta landare arantzatsuak. Fauna ere oso urria da, eta klimara egokitua, hala nola narrastiak, intsektuak, hegaztiak eta ugaztun txikiak. Gizakiak bere erabilerarako egokitu dituen ugaztun handiago batzuk ere badaude, gamelua eta dromedarioa, zehazki.

Klima epeleko lurraldeetako paisaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima epeletan ere hiru klima mota bereizten dira, eta, ondorioz, baita hiru paisaia mota ere:

  • Paisaia ozeanikoa: itsasoaren eragin handia jasotzen duten lurralde epeletan aurkitzen dugu paisaia mota hau. Landaretzan, eremu hauetako zuhaitzik bereizgarrienak enbor zuzeneko zuhaitz altu hostogalkorrak izaten dira: adibidez, haritzak, pagoak, zumarrak eta gaztainondoak. Basoa gehien degradatu den lekuetan, landa topatzen da, zuhaixka eta sastrakaz osatua; eta horiek desagertzen direnean, belarrez estalitako azalera handiak sortzen dira (belardi ozeanikoak). Fauna bereizgarria belarjaleek (oreinak eta adarzabalak), harrapariek (hartzak, otsoak eta azeriak) eta karraskarien eta narrastien beste espezie batzuek osatzen dute.
  • Paisaia kontinentala: kontinenteen barruko lurraldeetan aurkitzen da, itsasoaren eraginik gabeko lekuetan, muturreko klimekin. Horregatik, landare-formazioak, animalia-espezieak eta paisaiak latitudearen arabera aldatzen dira. Iparralderago, baso boreala edo taiga daude, orratz forma duten hosto iraunkorreko zuhaitzez osatua (koniferoak), neguko tenperatura baxuei aurre ahal dietenak (pinuak eta izeiak). Faunarik bereizgarriena belarjaleak (altzea, elur-oreina, oreina edo basurdea), karraskariak (katagorriak eta kastorea) eta harrapariak (hartza eta otsoa) dira. Hegoalderago, belardi kontinentalak daude, belar altuz estalitako lautada zabalekin. Basamortuko eremuetatik gertu daudenean, estepa agertzen da, zuhaixka eta belar baxuekin. Leku horietako fauna belarjale handiek (bisonteak eta zaldiak) eta karraskariek osatzen dute.

Klima hotzeko lurraldeetako paisaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima hotzeko lurraldeak Lurreko bi hemisferioetako poloak eta Lurreko mendikate garaienak dira. Leku hauetan, oso tenperatura hotzak egoten dira urte osoan; prezipitazioak, berriz, urriak eta elur forman izaten dira. Horren ondorioz, zuhaitzak ezin dira hazi, eta, haien ordez, hotzera ondo egokitutako zuhaixkak eta belardiak baino ez dira aurkitzen. Horren eraginez, lurralde hauetako paisaiak honako hauek dira:

  • Paisaia polarra: gogoratu behar dugu bi zirkulu polarretan, Lurraren ardatzaren inklinazioaren ondorioz, sei hilabete jarraian daudela egunez eta sei hilabete jarraian gauez. Ondorioz, bi paisaia mota garatzen dira: batetik, tundra, poloetatik urrutieneko lekuetan (baina beti ere zirku polarraren barruan edo oso hurbil. Tundra izotza urtzearen ondoren sortzen da, eta goroldioz, likenez eta tamaina txikiko beste landaredi batez osatuta dago. Leku hauetan, lurraren zatirik sakonena izoztuta egoten da urte osoan, eta horrek sustrai handiak dituzten landareak haztea eragozten du. Beste paisaia izotz iraunkorrek eratzen dutena da, eta bertan ez da landaretzarik hazten, azaleko izotzaren ondorioz. Bi inguruneetako fauna urria da, eta tenperatura hotzetara egokitua. Antartikan pinguinoak, itsas lehoiak eta itsas elefante espezie batzuk aurkitzen ditugu. Artikoan, hainbat hegazti, fokak, mortsak, eta azeri artikoa eta hartz zuria bizi dira.
  • Goi-mendietako paisaia: planetako mendilerro handietan topatzen da, 2.500 metroko altueratik aurrera. Altuerarekin aldatzen diren landare-formazioak ditu ezaugarri (zoru bioklimatikoak), eta landare-espezieen mailaketa eragiten dute. Dagoen fauna tenperatura eta altitude baldintza gogorretara egokitua dago, eta hegaztiak dira bereizgarrienak.