Wikipedia, Entziklopedia askea
Paralinpiar jokoen bandera.

Paralinpiar Jokoak desgaitasuna duten pertsonentzako nazioarteko kirol lehiaketak dira. Paralinpiar Jokoak Olinpiar Jokoen ondoren antolatzen dira, hiri berean. Paralinpiar izenak “Olinpiaden aldamenean” esan nahi du.

Nork hartzen du parte?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paralinpiar jokoetan mundu guztiko kirolariek hartzen dute parte. Paralinpiar kirolari batzuek bizkar-muineko lesioak dituzte eta paralisia izaten dute horregatik. Kirolari batzuei gorputz-adarren bat falta zaie. Kirolari horiek gurpildun-aulkiak edo protesiak (gorputz-adar artifizialak) erabiltzen dituzte mugitzeko. Kirolari batzuk itsuak dira edo ikusmen urritasuna dute. Beste batzuek garun-paralisia, distrofia muskularra edo mugimendua mugatzen duen desgaitasun bat dute. Adimen-desgaitasuna duten kirolariek ekitaldi batzuetan hartu dezakete parte, bereizita antolatzen den Olinpiada Berezian.

Nola antolatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak (IPC) antolatzen ditu Paralinpiar Jokoak 1989. urtetik. IPCk Alemanian du egoitza. Haien helburuetako bat desgaitasuna duten kirolariei kirolean maila gorena lortzen laguntzea da. Beste helburuetako bat errespetua eta munduak desgaitasuna duten pertsonekiko mirespena handitzea da.

Nola garatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako Paralinpiar Jokoetan, kirolariek dozenaka kiroletan hartzen dute parte. Horien artean arkularitza, atletismoa, txirrindularitza, arraunketa, eseritako boleibola, futbola, igeriketa, mahai-tenisa, gurpildun aulkiko saskibaloia eta gurpildun aulkiko esgrima daude. Neguko Paralinpiar Jokoetan, kirolariek izotz-hockeyan, eskian, gurpildun aulkiko curlingean eta klima hotzeko beste kirol batzuetan hartzen dute parte.

Kirolariek antzeko gaitasunak dituzten kirolarien kontra jokatzen dute. Ekitaldi askotan, kirolariek protesiak edo gurpildun aulkiak erabiltzen dituzte. Hala ere, protesiak eta gurpildun aulkiak ezin dira ekitaldi batzuetan erabili, hala nola, igeriketan edo eseritako boleibolean. Ekitaldi batzuek tresneria berezia behar dute, hala nola, lerak, izotz gaineko hockey jokalariek gainean esertzeko erabiltzen dituztenak. Kasu batzuetan, ikusmen desgaitasuna duten jokalariek gidarien laguntza izaten dute.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paralinpiar Jokoak 1948an sortu ziren, Ludwig Guttmann medikuak kirol txapelketa bat antolatu zuenean Erresuma Batuan. Kirolariak Bigarren Mundu Gerran hanken erabilera galdu zuten beteranoak ziren. Kirol txapelketa Londresko Udako Olinpiar Jokoen irekiera zeremoniaren egun berean izan zen. Lehen Paralinpiar Jokoak Erroman izan ziren 1960an. Ordutik aurrera, Udako Paralinpiar Jokoak lau urtez behin jokatzen dira. Neguko Paralinpiar Jokoak lau urtez behin jokatzen dira 1976an Suedian hasi zirenetik. Paralinpiar Jokoak 1988an jokatu ziren lehen aldiz Udako Olinpiar Jokoak eta 1992ko Neguko Olinpiar Jokoak jokatu ziren hiri berean. 1989an Nazioarteko Paralinpiar Batzordea sortu aurretik, hainbat talde desberdinek antolatu zituzten Paralinpiar Jokoak.