Wikipedia, Entziklopedia askea

Persiar golkoa

Persiar golkoaren mapa.

Persiar golkoa Arabiar penintsula Asia hego-mendebaldetik banatzen dituen itsaso-besoa da. Milaka urtetan erabili izan da bi lurralde horien artean nabigatzeko.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat herrialdek inguratzen dute Persiar golkoa. Iparraldetik Iranek; ipar-mendebaldetik Irak eta Kuwaitek; hego-mendebaldetik Saudi Arabia, Bahrain eta Qatarrek; eta hegoaldetik Arabiar Emirerri Batuak eta Omanek. Ormuzko itsasarteak Persiar golkoa eta Omango golkoa (Arabiako Itsasoan hasten dena) konektatzen ditu.

Persiar golkoak 241.000 kilometro karratu inguru hartzen ditu eta 990 kilometro inguru luze da. Bere zatirik estuenean, Ormuzko itsasartean, 55 kilometro zabal da eta beste toki batzuetan, aldiz, 340 kilometro.

Golkoaren inguruko lurrak oso beroak dira eta euri gutxi egiten du. Iraneko kosta menditsua da, baina ia Arabiako kosta osoa hareazko hondartzek inguratzen dute. Datil-palmondoak dira lurraldean hazten diren landare bakarrenetarikoak.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiar golkoa inguratzen duten herrialdeetan munduko petrolioaren laurdena baino gehiago produzitzen da. Munduko erreserben erdia baino gehiago daukate. Horren ondorioz, herrialde horietako ekonomia petrolio horren salmentan eta prozesaketan oinarritzen da. Lurraldea munduko banku-zentro bat ere bada. Horretaz gain, arrain asko daude, eta denbora luzean arrantza inguruko lurraldeetako jarduera ekonomiko oso garrantzitsua izan da.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiar golkoa pasabide komertzial bezala eta arrantzatzeko toki gisa erabili izan da gutxienez antzinako Persiar Inperioko garaitik. XVI. mende hasiera aldera, europarrak ere hasi ziren golkoa pasabide komertzial gisa erabiltzen. Gero, golkoa zientifikoki aztertzen hasi zirenean, aurkikuntzei esker jendeak errazago nabigatzen zuen bertatik. Petrolioa XX. mende hasiera aldera aurkitu zuten. Orduan, golkoa petrolioa beste herrialde batzuetara eramateko pasabide bilakatu zen. XX. mende amaiera aldetik hainbat gerra egon dira inguru horietan. Borroketan hainbat portu hondatu ziren.