Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguzki-sistemako planeta telurikoak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte.

Planeta teluriko edo harrizko planetak harriz eta metalez osatutako planetak dira, eta Lurrak bezalako gainazal solidoa dute. Nukleo beroa daukate, burdinaz osatutakoa gehienbat, eta nukleo horren zati bat urtua dago. Nukleo horren inguruan harri-geruza bero bat dago, mantu izenekoa. Azalean harri solidozko geruza mehe bat dago, lurrazala deitutakoa. Harrizko planetak gasezko planetak baino txikiagoak dira, baina material astunagoez osatuta daude.

Gure eguzki-sisteman lau dira harrizko planetak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte. Eguzkitik gertuen dauden planetak dira, eta beraz “barnealdeko planetak” deitzen zaie batzuetan.

Beste izarrak orbitatzen dituzten planetak (exoplanetak) aurkitu zirenetik, “planeta teluriko” terminoa erabili da edozein izar orbitatzen duen edozein planeta deskribatzeko.


Berdinak al dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrizko planeta guztiak antzekoak dira. Guztiek lurrazal harritsu eta solidoa, nolabaiteko mantua eta nukleoa dauzkate. Baina ezberdintasun nabarmenak daude baita ere. Ikusi ditzagun haien geruzak, xehetasunez.

Lurraren geruzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaineko geruza lurrazala deitzen da. Geruza horretan gu bizi gara. Lurrazalak 8 eta 50 kilometro arteko lodiera izan dezake. 

Lurraren barne-egitura.

Hurrengo geruza mantua da. Lurraren zatirik handiena da. Mantua bi zatiz dago osatuta: goi mantua eta behe mantua. Lurraren barrualdea oso beroa denez, mantuaren materiala urtuta dago. Hala, mugitu egin daiteke.

Mantuaren azpian Lurraren nukleoa dago. Nikelez eta burdinaz dago osatuta. Nukleoak bi zati ditu: kanpo-nukleoa eta barne-nukleoa. Lurraren kanpo-nukleoa hain bero dago, non harri eta metal guztiak urtu baitira! Mugimenduan daude, eta ondorioz Lurraren eremu magnetikoa sortzen dute.

Lurraren erdigunean barne-nukleoa dago. Oso beroa den arren, bertako metalak solido bihurtu arte trinkotu dira. Gainean duten harriaren presioak eragin du hori.


Merkurioren geruzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkurioren azala harrizkoa da, eta talka kraterrez estalita dago. Ilargiaren oso antzekoa da. Lurra bezala, Merkuriok lurrazal, mantu eta nukleoa ditu.

Merkurioren barne-egitura.

Merkurio harrizko planetarik txikiena da. Baina nukleorik handiena dauka! Burdina urtuz osatuta dago gehienbat. Merkurioren nukleoak planetaren bolumenaren % 60 osatzen du. Lurraren nukleoak, aldiz, bakarrik % 15 osatzen du.

Zientzialariek ez dakite zehazki zergatik daukan nukleo hain handia Merkuriok. Uste dute agian Merkurio oso goiz osatu zela eguzki-sistemaren historian, ur lurrunaren bidez. Ur-lurrun hori, seguraski, “planetesimal” izeneko objektuek sortu zuten. Planetesimal horiek ziurrenik burdina asko zeukaten, eta horrek azalduko luke zergatik daukan hainbeste burdina Merkurioren nukleoak.


Artizarraren geruzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artizarrak Lurraren antzeko tamaina, masa eta trinkotasuna dauzka. Horregatik zientzialariek uste dute, oro har, planetaren barrualdea Lurraren antzekoa dela. Zoritxarrez, zientzialariek ez dakite asko Artizarraren barnealdeari buruz. Artizarra behatzea oso zaila da, atmosfera oso lodi eta trinkoa daukalako. Gainera, Artizarrean bero oso handia egiten du!

Artizarraren barne-egitura.

Merkurioren azala ez bezala, Artizarraren azalak nahiko leuna dirudi, Artizarraren azalean lautada bolkaniko ugari daudelako. Artizarraren jarduera bolkanikoak laba hedatzen du, eta laba hoztean harri berriak osatzen ditu.

Hainbat zientzialarik uste dute Artizarreko sumendiak erupzioan sartu zirela orain dela gutxi. Erupzioan egon daitezke orain ere. Badirudi Artizarrak faseak izan dituela, non  sumendi guztiak erupzioan sartzen diren aldi berean. Hori gertatzen bada, planeta osoa harri berriz estalita geratzen da!

Eguzki-sistemako planeta guztien artean, Artizarrak dauka jarduera bolkaniko handiena.


Marteren geruzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martek bere barne-berotasun gehiena galdu du. Horrek esan nahi du haren nukleoa hein batean solidoa dela. Nola dakite zientzialariek Martek barne-berotasun handiagoa zeukala? Ba Martek eguzki-sistemako sumendirik handienetarikoak dituelako! Gainera, planetako harri zaharrenak magnetizatuak daude. Hau da, Martek, lehen, eremu magnetikoa sortzen zuen nukleo urtua zeukan, Lurrak bezala.


Nola dakigu zer itxura daukaten planetek barrutik?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agian zure buruari galdetzen ari zara, “nola dakigu hau guztia?”. Ezin dezakegu labana handi bat hartu eta planetak moztu. Orduan, nola dakite zientzialariek nolakoak diren planetak barrutik?

Hainbat modu ezberdin daude planeta baten barrualdea behatzeko. Adibidez, zientzialariek planetaren bibrazioak aztertu ditzakete. Harriak mugitzen direnean, bibrazioak eragiten dituzte. Bibrazio horiek planetaren barrualdean gertatzen ari denari buruzko aztarnak eskaintzen dituzte. Zientzialariek, orduan, bibrazio horiek neurtu ditzakete, sismometro izeneko mugimendu-detektagailuekin.

Sismometro ugari daude Lur osoan sakabanatuta. Astronautek sismometroak utzi zituzten Ilargian ere, Apollo 11ren misioetan.

Beste harrizko planeten kasuan, daukagun informazio gehiena sateliteetatik eta espazio-zundetatik dator. Adibidez, Mariner 10 zunda Merkuriotik gertu igaro zen 1970eko hamarkadan. Planetari buruzko informazio asko eman zien zientzialariei. Venus Express zundak 2006 eta 2014 artean orbitatu zuen Artizarraren inguruan, eta informazio asko bidali zuen Lurrera. Horrekin batera, satelite ugari bidali dira Martera.

Satelite batek planetaren inguruan orbitatzen duen bitartean, azaleko harriak neurtzen ditu. Planetaren masa guztia neurtzen du halaber. Informazio horrek planetaren barrualdeari buruzko ideia orokor bat sortzen du, barrutik nolakoa den jakiteko.