Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Prentsa-askatasun

Eduki-taula

Al Jazeera TB katearen Hossam Shabat kazetaria Gazan hil zuen Israelgo armadak 2025eko martxoaren 24an

Prentsa-askatasuna printzipio legal eta sozial bat da, iritzi-askatasuna (hau da,adierazpen-askatasuna) izateko oinarrizko giza eskubidearekin lotuta dagoena.[1]

Horrek esan nahi du estatuek edo beste botereek ezin dutela eragin komunikabideen bitarteko pentsamenduaren adierazpen askean (prentsa idatzian edo ikus-entzunezkoan, bereziki). Hau da, ideien adierazpen askearen aurka ezin da aurretiko zentsurarik edota inongo jazarpenik egin.

Prentsa-askatasuna garrantzi handiko eskubidea da gizarte demokratikoentzat: eskubide horren bitartez, posible da norbere iritzia askatasunez adieraztea eta interes publikoko gaiak ikertzea. Batzuetan, ikerketa hauek gobernuaren botere politikoaren edo gizarteko sektore boteretsuen aurka joan daitezke, izan ere.

Eskubide hau lehenengo aldiz 1776an Suedian aitortu zen, Prentsa-askatasunaren Lege baten bidez. 1791n Estatu Batuen Konstituzioan ere jaso zen. Gainera, prentsa-askatasuna Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 19. artikuluan jasota dago, honako hitz hauekin:

«

Gizabanako guztiek dute iritzi-eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.

»


Hala ere, beste eskubide askorekin gertatzen den moduan, prentsa-askatasunak ez du esan nahi komunikabideek beren lana modu arduratsuan egin behar ez dutenik; ez da aitzakia difamazioaren gisako delituak egiteko, ezta etika profesionalik ez izateko ere. Hori dela eta, prentsa-askatasuna beti tirabiran egoten da adierazpen askearen eta informazio-erantzukizunaren artean.

Era berean, prentsa-askatasuna ez dago munduko nazio guztietan berdin babestuta. Mugarik Gabeko Kazetariak, Freedom House edo Committee to Protect Journalists izeneko gobernuz kanpoko erakundeek, txostenak egiten dituzte urtero munduko herrialde desberdinetako komunikabideen askatasunaren egoerari buruz.

Committee to Protect Journalist eta beste elkarte batzuek egindako txosten horien arabera, Israel da kazetari gehien isilarazten eta hil dituen herrialdea, Gazan 2023tik aurrera hasitako erasoetan. Kazetariak arbitrarioki atxilotzen eta torturatzen dituzte beren lana egiteagatik. Gainera, Israelek sistematikoki suntsitu ditu Gazako azpiegitura mediatikoak, eta zentsura gogortu du Zisjordania osoan eta Israelen. Gaza barruan, bestalde, kazetariek Hamasen jazarpena ere salatzen dute.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Prentsa-askatasun» Euskarazko Wikipedia 2022-03-06 (kontsulta data: 2025-11-08).