
Primateak animalia ugaztun talde bat dira, bere kideen artean animalia adimentsuenetako batzuk dituena: gizakiak eta tximinoak dira primate mota nagusiak, baina 300 primate espezie edo mota baino gehiago daude. Espezie horiek ezaugarri fisiko asko dituzte berdin samarrak, eta, horregatik, zientzialariek arbaso komun bat dutela uste dute. Adibidez, primate guztiek dituzte burmuin handiak, begiak buruaren aurrealdean, eta atzamarretako bat (erpurua) beste atzamarrekin kontrajarrita, objektuei heltzeko moduan.
Gizakiak munduko ia leku guztietan bizi dira gaur egun. Gainerako primate gehienak Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikako, Afrikako eta Asiako eskualde bero eta epeletan bizi dira. Gizakiak ez diren primate asko zuhaitzetan bizi ohi dira edo haietan pasatzen dute denbora asko.
Gizaki kopurua handitzen eta handitzen jarraitzen duen bitartean, beste primate batzuk erabat desagertzeko arriskuan daude. Basogabetzearen, nekazaritzaren eta bestelako giza jarduera askoren eraginez, primate batzuen habitatak suntsituta edo suntsitzeko bidean daude. Gainera, ehiza ere beste mehatxu handi bat da espezie askorentzat.
Nola sailkatzen dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Animalien sailkapena taldetan egiten da, dituzten antzekotasunen edo eboluzioaren arabera. Primateak ugaztunen ordena bat dira, eta gertuen dituzten beste ugaztunak saguen eta untxien talde handia da. Primateak Mesozoikoan sortu ziren, dinosauroen garaia zenean. Euren bizilekua zuhaitzak ziren, eta orokorrean txikiak ziren. Dinosauroak desagertu ondoren, primate mota asko agertu ziren.
Lehenengo zatiketa handia lemureen eta auren antzekoen eta sudurra lehorra duten haplorrinoen artekoa da. Lemureen taldean gehienak Madagaskarren bizi dira, Asian eta Afrikako beste lekuetan bizi diren lorisak edo galagoak izan ezik.
Haplorrinoen barruan talde oso txiki bat dago, tartseroak eta gizakiak zein beste tximino guztiak biltzen dituen simiiformeena. Simiiformeak bi talde handi ditu, platirrinoena, Amerikan bizi direnak eta Mundu Berriko tximinoak ere deitzen direnak; eta katarrinoena, gizakiak edo babuinoen taldea dena. Lehenengoak isats luzeak dituzte, eta zuhaitzetara heltzeko aukera dute. Sudurzuloak alde batera dituzte, eta Ameriketara itsasoz heldu ziren, agian zuhaitzen gainean flotatatzen.
Katarrinoak edo Mundu Zaharreko tximinoak bi taldetan zatitzen dira, isatsa dutenak (adibidez, mandrilak, koloboak edo makakoak) eta isatsik ez dutenak, hominido deitzen ditugunak. Hor barruan orangutanak, gorilak, txinpantzeak eta gizakiak daude.
Nolakoak dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Primate mota asko daude, forma, tamaina edo bizimoduaren arabera. Espezie batzuk txikiak dira eta beste batzuk handiak; adibidez, badago lemur mota bat 35 gramo bakarrik pisatzen duena, eta, bestalde, gorila batek 270 kilo inguru pisatu ditzake.
Primateen gorputzek ezaugarri komun asko dituzte. Adibidez:
- Primateen burmuinak handiak dira, euren gorputzen tamainarekin alderatuta; gizakien eta tximinoen burmuinak bereziki konplexuak dira.
- Aurrera begiratzen duten begiak dituzte; eta ikusmen tridimentsionala dute, begi bakoitzak ikusten duena gainjartzen delako beste begiak ikusten duenaren gainean. Hori oso lagungarria da ikusten dutenaren sakontasuna eta distantzia nabaritzeko (horri deitzen zaio ikusmen tridimentsionala, hain zuzen).
- Primateetako batzuk, bereziki Afrika eta Asian bizi direnak, hiru koloretan ikusteko gaitasuna dute, gizakiok dugun bezala. Horrek laguntzen du fruituak eta hostoak ondo bereizten.
- Primateek ikusmen oso ona dute, beste ugaztun gehienek baino hobea, eta entzumena ere ona dute. Usaimena, hala ere, okerragoa da.
- Eskuetan eta oinetan ukimenaren zentzu ona dute, bertan dituzten nerbio-akabera bereziei esker.
- Primate gehienek azazkal lauak ere izaten dituzte eskuetako hatzetan eta oinetako behatzetan. Zuhaitzetan mugitzea errazten du.
- Atzamarretako bat (erpurua) beste atzamarrekin kontrajarrita dute, objektuei heltzeko moduan. Gizakiek izan ezik, primateek behatz handiak dituzte oinetan, tolestu daitezkeenak eta, beraz, objektuei heltzeko balio dutenak.
Nola elikatzen eta ugaltzen dira?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Primateek era askotako landare eta animaliak jaten dituzte: frutak, loreak, hostoak, txorien arrautzak, intsektuak eta bestelako animalia txikiak.
Ugalketari dagokionez, primateen emeek beste animaliek baino kume gutxiago izateko joera dute. Primate gehienak haur bat izaten dute aldi bakoitzean. Bestalde, kumeek denbora asko behar izaten dute heldu bihurtzeko; horregatik, primateek beste animaliek baino denbora luzeagoan zaindu behar izaten dituzte beren kumeak. Askotan amaren eta kumearen arteko lotura emozional sakonak garatzen dira.