Wikipedia, Entziklopedia askea

Ramses II.a

Ramses II.a Kadeshko guduan.

Ramses II.a Egiptoko faraoi bat izan zen, K.a. 1279tik 1213ra arte agindu zuena. Haren erregealdia antzinako Egiptoko bigarren luzeena izan zen.

Ramses Handia izenez ere ezaguna zen. Izen hori buruzagi militar ona izan zelako jarri zioten. Antzinako Egipto osoan tenplu eta eraikin asko ere eraiki zituen. Gaur egun haren estatua erraldoi batzuk aurki daitezke Egipto osoan.

Ramsesen aita Seti I.a zen. Setik borroka egin zuen Egiptok azken urteetan galduak zituen lurrak berreskuratzeko. Ramses bere aitarekin batera joaten zen operazio militar horietara. Ondorioz, 10 urte besterik ez zituenean kapitain maila eman zioten armadan.

Ramsesek gudu askotan gidatu zituen bere soldaduak; K.a. 1275eko Kadeshko gudua izan zen ospetsuenetako bat. Kadesh behin Egiptokoa izan zen, baina, une horretan, hititen esku zegoen (hititak gaur egun Turkia den lurraldeko antzinako gerlariak ziren). Ramsesek Kadesh berreskuratu nahi zuen hititengandik, baina haiek Ramses engainatu eta askoz soldadu gehiagorekin agertu ziren gudu-zelaian. Hala ere, egiptoar indarrek gudu-zelaian mantentzea eta ez erretiratzea lortu zuten.

Kadeshko guduaren xehetasunak Ramsesek eraikitako tenplu askotan grabatuak izan ziren. Litekeena da Ramsesek gudu hartako bere arrakasta puztu izana. Urte askotan, Ramsesek beste hiri hitita batzuk bereganatu zituen, baina ezin izan zituen atxiki. Azkenean, hititen eta egiptoarren arteko bakea ezarri zen.

Ramsesen erregealdia oso oparoa izan zen. Hau ezaguna da tenplu asko eraiki zituelako. Per Ramessu edo Ramsesen etxea izeneko hiri bat ere eraiki zuen; bere lorategi, baratze eta ur atseginengatik zen ezaguna.

Ramses II.aren gobernua Egiptoko botere inperialaren azken goieneko unea izan zen. Haren heriotzaren ostean, antzinako Egiptoren gainbehera hasi zen.