Wikipedia, Entziklopedia askea

Rudyard Kipling

Eduki-taula

👶
Jaiotza
1865eko abenduaren 30a
Mumbai
💀
Heriotza
1936ko urtarrilaren 18a
Londres
🔨
Lanbidea
idazle
📷
Argazkiak
ikusi
Kipling, 1891ko erretratu batean.

Rudyard Kipling idazle eta poeta britainiar bat izan zen. Bombayn (India) 1865ean jaioa, Londresen (Erresuma Batua) hil zen 1936an. Bere beste lan batzuen artean, aipatzekoa da oso liburu ezagun eta oraindik irakurri bat: Oihaneko liburua (ingelesez, The Jungle Book). 1907an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.

Rudyard Kiplinen obrak inperialismo britainiarrari lotuta jarraitzen du, haren aldeko jarrera erakutsiz, modu batera edo bestera. Bera lurralde kolonizatu batean jaiotako ingeles bat zen, India britainiarrean, alegia, eta haren lanek erakusten dutenez, badirudi Erresuma Batuaren politika kolonizatzailea onartu egiten zuela, beste herrialde batzuek europarren laguntza behar zutela pentsatzen baitzuen. Horrela, Oihaneko liburua obrako Mowgli pertsonaia ume bat da, natura arriskutsu eta etsai bati aurre egin behar diona, gizakien mundua utzita.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rudyard Kipling Bombayn jaio zen, hiri hori Victoria Erreginaren agintaldian Inperio Britainiarraren parte zenean. Dena den, bere amak hala nahita, ikasketak Ingalaterran egin zituen, Holloway izeneko familia baten etxean bizi izan zen bitartean. Kiplingentzat urte zailak izan ziren haiek: Holloway andreak oso gogor tratatzen zuen eta eskolara egokitzeko ere arazoak izan zituen.

Kiplingek liburuetan aurkitu zuen kontsolamendua, bereziki Daniel Defoeren idazlanetan. Behin batean, Holloway andreak liburuak kendu zizkion eta Kiplingek ezkutuan irakurri beharra zeukan.

Indiara itzuli zenean 1882an, gurasoekin Lahore hirian jarri zen bizitzen, eta aitaren laguntzarekin hiriko egunkari batean aurkitu zuen lana. Lanak aitzakia ederra eskaini zion Kiplingi inguruak deskubritzeko. Ipuin laburrak argitaratzen hasi zen eta Ingalaterran ospe handia lortu zuten.

Bidaiari nekaezina, Ingalaterrara bueltatu ondoren Estatu Batuetan geratu zen bizitzen; ezkondu eta bi alaba eta seme bat izan zituen bertan, eta gainera Oihaneko liburua (1894) idazlan ospetsua idatzi zuen, bai eta mundu osoko neska-mutil ingelesdunei asko gustatzen zitzaizkien ipuinak ere. 1899an, alaba txikia pneumoniarekin hil zen eta Kipling bera gaixotasun horrekin hiltzeko zorian egon zen. Alabaren heriotza jasan ezinik, Estatu Batuetatik joatea erabaki zuen.

Emaztearekin eta beste bi seme-alabekin Londresera itzuli zen eta haurrentzako fikzioa idazten jarraitu zuen. 1907an Literaturako Nobel Saria jaso zuen lehen ingelesezko idazlea izan zen; 42 urte zituen orduan, eta, beraz, sari hori jaso zuen idazle gazteena ere izan zen.

Lehen Mundu Gerran Kiplingek bere seme John armada britainiarrean izena ematera animatu zuen, baina hura Frantzian desagertu zen. Errudun sentituta, idazlea Frantziara abiatu zen semearen bila, baina Johnen gorpua sekula ez zen berreskuratu. Kipling nahigabetuta eta agortuta, berriro Ingalaterrara itzuli zen, seme baten galeragatik negar egitera.

Kiplingek idazten jarraitu zuen, baina sekula gehiago ez zen itzuli hainbeste jendek gogoko izan zituen haurrentzako ipuin alaiak berriro idaztera. 1936ko urtarrilaren 18an hil zen. Haren errautsak Londresen Westminsterreko Abadian ehortzi zituzten, Poeten Txokoan, Charles Dickensen hilobiaren aldamenean.