
Saxoiak antzinako herri germaniar bat izan ziren. Erdi Aroaren hasiera aldean, gaur egungo Alemaniako ipar-mendebaldean eta Herbeheretako iparraldean bizi ziren. Erromatar inperioaren azken mendeetan, saxoiak hegoaldera eta mendebaldera mugitu ziren eta uharte britainiarretara iristen saiatu ziren. 450 urtearen inguruan, antzinako erromatarrek Britainia Handia utzi zutenean, saxoi batzuek uhartea inbaditu zuten beste herri germaniar batzuekin batera, angloekin esaterako. Horregatik, Ingalaterrako biztanleei anglosaxoiak esaten zaie.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar inperioak indarra galdu ahala, saxoiak Europan zehar zabaldu ziren. III. eta IV. mendeetan, saxoiek erasoaldiak egin zituzten Ipar itsasoko kostalde osoan. V. mendean, saxoi batzuk Galia (gaur egungo Frantzia) iparraldeko kostan jarri ziren bizitzen. Horiei «antzinako saxoiak» deitu zitzaien, garai berean Britainia Handia inbaditu zuen beste saxoi-talde batengandik ezberdintzeko.
Antzinako saxoiak, lurralde gehiago hartzen zuten heinean, beste herri batekin borrokatu behar izan ziren: frankoekin. Antzinako saxoiak eta frankoak gaur egungo Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugan borrokatu ziren hainbat mendetan. Gutxinaka, frankoek kristautasuna hartu zuten erlijiotzat, baina antzinako saxoiek ez zioten beren erlijioari uko egin nahi izan.
Karlomagnok, frankoen errege boteretsu batek, gerra anker bat egin zuen saxoien aurka 772 eta 804 urteen artean. Antzinako saxoiek, Widukind izeneko gizon bat buruzagi zutela, kontraeraso sutsua egin zuten. Baina azkenean, Karlomagnok antzinako saxoiak garaitu eta kristautasunera bihurtzera derrigortu zituen. 804 urtetik aurrera, antzinako saxoiak erreinu kristau frankoaren parte izan ziren.
Anglosaxoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britainia Handia Erromatar inperioaren parte izan zen gure aroko 50 eta 410. urteen artean. Erromatarrek kontrola galdu zutenean, saxoiek uharteari eraso egin eta inbaditu egin zuten. VI. mendearen amaieran, hiru herri germaniar (saxoiak, angloak eta jutoak) elkarrekin jarri ziren bizitzen Britainia Handian eta konkistatutako lurraldea erreinu txiki askotan banatu zuten. Saxoiek Essex, Sussex eta Wessex erreinuak zituzten, gaur egungo Ingalaterrako hegoaldean. «Anglosaxoi» hitza uhartea konkistatu zuten hiru talde germaniar horien ondorengoei deitzeko erabiltzen da.
Kultura eta gizartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saxoiek ez zituzten erregeak, buruzagiak baizik, eta haien gizartean hiru talde zeuden: nobleak, jende librea eta jopuak (ia esklaboak ziren pertsonak). Noizean behin, pertsona libreek bilerak egiten zituzten gerran sartu edo ez erabakitzeko. Saxoiak gerlariak eta nekazariak ziren. Baserri bakartuetan edo herrixketan bizi ziren gehienbat. Basoetako soilguneetan edo ibaien inguruan eraikitzen zituzten etxolak.
Saxoiek Europa mendebaldeko eta Eskandinaviako tribu germanikoen erlijioa zuten: jainko ugari, deabruak eta erraldoiak zeudela sinisten zuten. Saxoiek toki sakratuak zituzten, esaterako Irminsul, zuhaitz edo zutabe erraldoi bat. Saxoien ustetan, Irminsulek zeruak eta lurra lotzen zituen. Gaur egungo Alemaniako ipar-mendebaldean zegoen.
Saxoien antzinako hizkuntzari «antzinako behe-alemaniera» ere esaten zaio. Saxoi batzuek Britainia Handia inbaditu ondoren, hizkuntza erdibitu egin zen, baina oraindik harremana zuten. Gaur egungo Ingalaterrako saxoiek «antzinako ingelesa» hitz egiten zuten, eta Europa kontinentalean geratu ziren saxoiek, aldiz, «antzinako behe-alemaniera».