Wikipedia, Entziklopedia askea

Siddhartha Gautama

Budaren estatua, Indiako tenplu budista batean.

Buda budismoaren sortzailea izan zen, baina haren benetako izena Siddhartha Gautama zen. Jakituria eta gupida handiko gizona izan zen, jendeari sufrimendua gainditzen irakatsi ziona.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siddhartha Gautama gure aroaren aurreko VI-IV. mendeetan bizi izandako printze bat zen. Gaur egungo Nepal eta Indiaren arteko mugatik hurbil jaio zen. Ezer gutxi dakigu ziurtasunez haren bizitzari buruz, baina hari buruzko istorio asko daude. Luxuan jaio omen zen, zahartze, gaixotasun eta heriotzatik babesturik.

Hari buruzko istorioek diote 29 urte zituenean, Gautamak lehen aldiz ikusi zuela agure konkortu bat, eta horrek nahiko kezkatu zuela. Channa gurdi gidariak azaldu zion gizon hura zaharra zela eta pertsona guztiak zahartzen direla. Beste egun batean, Gautamak gizon gaixo bat ikusi zuen, eta geroago gorpu bat. Channak azaldu zion pertsona guztiak daudela gaixotasun eta heriotzera lotuta. Azkenik, Gautamak monje bat ikusi zuen, baketsua zirudiena. Gautamak bere aberastasunari uko egin zion eta monje bihurtu zen. Jakin nahi zuen nola monjeak baketsua zirudien, sufrimenduz inguratuta egon arren.

Gautamak bere etxea atzean utzi zuen egia aurkitzeko asmoz. Egun batean, zuhaizpean eserita eta meditatzen zegoela, goiargitu egin zen, edota desira eta sufrimendutik askatu zen. Horrela bihurtu zen Buda, “goiargitua” esan nahi duena.

Budak beste batzuei irakatsi zizkien deskubritutako Lau Egia Zintzoak. Lehenengoa bizitza sufrimenduz beteta dagoela da. Bigarrena sufrimendua desirak eragiten duela. Hirugarrena gizakiok hortik guztitik askatu gaitezkeela. Laugarrenak, aldiz, askatasuna lortzeko bidea erakusten zuen.

Budak laster erakarri zituen jarraitzaileak, eta lehen sangha edo monje budisten taldea osatu zuten. Budak mundura bidali zituen bere mezua zabaltzeko. Bera ere bidaiatzen hasi zen, eta pertsona asko bihurtu zituen bidean. 80 urterekin hil omen zen, Kusinara deituriko hirian (gaur egun Kasia, India).