Wikipedia, Entziklopedia askea

Solido

Izotz-bloke bat itsasoan, hots, egoera solidoan dagoen ura.

Solidoa materiaren egoeretako bat da, egoera likido eta gas egoerarekin batera.

Solidoen ezaugarri nagusiak dira:

  • Berezko forma dutela, eta
  • Bolumen finkoa dutela.

Hau da, solido batek forma eta bolumen iraunkorrak ditu, inoiz aldatzen ez direnak berez; horrek esan nahi du, normalean, eskuekin zanpatuta ere, solido baten forma eta bolumena ez direla aldatzen. Dena dela, solido guztiek ez dituzte ezaugarri berberak; adibidez, solido elastikoak luzatu eta deformatu egin daitezke halako puntu bateraino apurtu gabe, baina beren jatorrizko forma eta bolumenera itzultzen dira.

Materiaren egoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Materia ez dago beti egoera berean. Hiru agregazio-egoera nagusi ditu: egoera solidoa, likidoa eta gaseosoa. Egoera bakoitzak berezko ezaugarriak ditu:

  • Solidoek forma eta bolumen propioa dute.
  • Likidoek ez dute formarik. Ontziaren forma hartzen dute eta hortaz, bolumen zehatza dutela esaten da.
  • Gasek ontziaren forma hartzen dute. Ez dute bolumen zehatzik, espazio guztia okupatzen dute eta.

Egoera-aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solido batzuk, presio edo tenperatura aldaketaren ondorioz, beste egoera batera pasa daitezke; adibidez, izotza berotzen denean urtu egiten da, likido bihurtzen da, ura alegia; eta ur hori asko berotuz gero, lurrundu egiten da, hau da, gas bihurtzen da.

  • Solido bat likido bihurtzeari fusioa edo urtzea deitzen zaio.
  • Likido bat solido bihurtzeari solidotzea edo solidifikazioa deitzen zaio.

Eta, bestetik:

  • Solido bat zuzenean (egoera likidotik igaro gabe) gas bihurtzeari sublimazioa deitzen zaio.
  • Gas bat zuzenean (egoera likidotik igaro gabe) solido bihurtzeari kondentsazio solidoa edo kristalizazioa deitzen zaio.

Solido motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solidoen atomoen arteko loturen indarra erakarpen-indarraren araberakoa da. Horren arabera, hiru solido mota daude atomoen loturak nolakoak diren kontuan izanda:

  • Solido ioniko kristalinoa. Esate baterako, sodio kloruroaren kristala (gatz arrunta). Metal baten eta ez-metal baten arteko lotura da. Sodio ionikoaz eta kloro ionikoaz osatuta dago, katioien eta anioien arteko erakarpen-indarraren eraginez.
  • Solido kobalentea. Ez-metalen artekoa da. Atomoek elektroiak konpartitzen dituzte lotura kobalenteen bitartez: adibidez, diamantea eta silikona. Solido kobalenteetan, konposatu organiko gehienetan bezala, Van der Waalsen Indarraren ondorioz, molekulek erakartzen dute elkar. Beste era batean esanda, atomo edo molekula apolarren artean erakartze-indar ahulak sortzen dira, edota molekulen arteko dipolo-dipolo indarren bitartez lotzen dira.
  • Solido metalikoa. Atomo metalikoen artean gertatzen da. Metalek elektroiak partekatzen dituzte, eta hodei elektronikoa sortzen dute.