Wikipedia, Entziklopedia askea

Ugaztun

Ugaztunen dibertsitatea.

Ugaztunak animalia ornodunak dira. Ugaztuna da kumeak bere esnearekin elikatzen dituen odol beroko animalia oro. Esnea bere azaleko guruinek edo ugatz-guruinek egiten dute, eta ugaztunaren gorputzaren barruan sortzen da bizitzeko behar duen beroa. Ugaztunak, gainera, azala ilez beteta duten animalia bakarrak dira; bestalde, birikak izaten dituzte arnasa hartzeko, baita itsasoan bizi diren ugaztunek ere.

Ia ugaztun guztien kumeak hazten dira emearen gorputzaren barruan. Mota honetako ugaztunei bibiparo deitzen zaie. Bi motatako bibiparoak daude: martsupialak eta plazentadunak edo plazentalioak. Martsupialen ezaugarri berezia da amaren gorputzaren barruan oso gutxi garatzen direla eta hazkuntza amak duen poltsa batean burutzen dutela. Besteak beste, kanguruak eta koalak martsupialak dira.

Arrautzak erruten dituzten ugaztunak bost besterik ez dira (horietako ezagunena, ornitorrinkoa), eta bostak bizi dira Australia inguruan. Arrautzen bidez ugaltzen diren ugaztunei monotrematuak deitzen zaie.

Ugaztunen ezaugarri bat da kumeak zaintzen dituztela, eta hori nahitaezkoa da, kume gutxi izaten dituztelako eta kumeek gurasoen laguntza behar izaten dutelako bizirik iraun ahal izateko.

Ugaztunak kontinente guztietan topa daitezke, eta oso mota ugaritan banatuta daude.