Wikipedia, Entziklopedia askea

Urtaro

Urtaroak urtean zehar bereizten diren lau aldi dira:

  • Udaberria: martxoaren 21ean hasten da.
  • Uda: ekainaren 21ean hasten da.
  • Udazkena: irailaren 21ean hasten da.
  • Negua: abenduaren 21ean hasten da.


Urtaro bakoitzaren iraupena hiru hilabetekoa da.

Urtaroak alderantzizkoak dira bi hemisferioetan: hemisferio batean uda denean, bestean negua da; eta, alderantziz, haietako batean udaberria denean, bestean udazkena da. Udan dagoen hemisferioak zuzenago jasotzen du Eguzkiaren argia; beste hemisferioan, negua da, eguzki izpiak intentsitate txikiagoarekin iristen zaizkiolako.

Zergatik daude urtaro desberdinak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrak Eguzkiarekiko duen egoeraren arabera bereizten dira lau urtaroak; izan ere, Lurra apur bat inklinatuta egoten da, bere errotazio-ardatzari begiratzen badiogu; gainera, errotazio-ardatzaren kokapena ere aldatzen joaten da poliki-poliki urtean zehar. Inklinazioa aldatzen denean, Lurrera iristen diren eguzki-izpiek gehiago berotzen dituzte leku batzuk batzuetan, eta gutxiago beste batzuk; eta, urtean zehar, hori ere aldatzen da:

  • Batzuetan, Eguzkiak nahiko zuzen ematen du, eta beste batzuetan ez hain zuzen. Eguzki-izpiak zenbat eta zuzenago iritsi Lurrera, orduan eta gehiago berotzen da Lurra eta handiagoa izango da tenperatura; hori gertatzen da urtaro beroetan (udaberri bukaeran, udan bereziki eta udazken hasieran).
  • Beste batzuetan, berriz, eguzki-izpiak ez dira zuzen-zuzen iristen Lurreko leku batzuetara, makurtuta edo inklinatuta baizik; horrelakoetan, leku horiek gutxiago berotzen dira eta tenperatura baxuagoa izaten da. Horixe gertatzen da leku horietan urtaro hotzetan.

Bestetik, Lurraren inklinazioaren arabera ere, egun eta gauen iraupena desberdina izaten da; horrela, Iparraldeko hemisferioan, gu bizi garen hemisferioan alegia, urtaro hotzetan eguna laburragoa izaten da eta gaua luzeagoa, eta urtaro beroetan alderantziz.

Ekinokzioak eta solstizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, urtaroen arteko muga-egunek izen berezi bat izaten dute:

  • Ekinokzioak: udatik udazkenera eta negutik udaberrira bitarteko muga-egunak dira. Bi egun horietan egunak eta gauak iraupen berbera dute. Gutxi gora behera, irailaren 22a (udazkeneko ekinokzioa da, uda amaitu eta udazkena hasten den eguna) eta martxoaren 21a (udaberriko ekinokzioa da, negua amaitu eta udaberria hasten den eguna) izaten dira.
  • Solstizioak: udazkenetik negura eta udaberritik udara bitarteko muga-egunei deitzen zaie honela. Bi egun horietan dago egunaren eta gauaren arteko alderik handiena, iraupenari dagokionez. Gutxi gora behera abenduaren 21ean (neguko solstizioa da, udazkena amaitu eta negua hasten den eguna) eta ekainaren 21ean (udako solstizioa da, udaberria amaitu eta uda hasten den eguna) izaten dira.