Wikipedia, Entziklopedia askea
Zefalea edo buruko mina.

Zefalea buruko mina da, min-mota ezagunenetariko bat. Ia haur eta heldu guztiek izaten dituzte noizean behin zefaleak.

Bi buruko min mota ohikoenak tentsio-zefaleak eta migrainak dira. Normalean, tentsio-zefaleen mina arinagoa edo moderatuagoa izaten da, eta, migrainak, oro har, gogorragoak dira.

Zefalearen sintoma nagusia buruko mina izatea da; minsorra edo min zorrotza izan daiteke. Minsorra min arina izaten da; buruko min zorrotza dugunean, aldiz, norbait gure burua estutzen edo kolpekatzen ari balitz bezala sentitzen dugu. Mina leku bakar batean (kopetan, adibidez) edo buru osoan izan dezakegu. Zefalea batzuk poliki-poliki agertzen dira, baina beste batzuk bat-batean. Buruko minak minutu batzuk bakarrik edo, migraina denean, egun batzuk irauten dute.

Migraina batean, buruko minaz gain, beste sintoma batzuk ere ager daitezke, goragalea adibidez. Batzuetan, migrainak izaten dituztenek horiek noiz hasiko diren antzeman dezakete. Mina sentitu aurretik, ikusmena lausotu egin zaie. Batzuetan, argi distiratsuak edo olatu formako lerroak ikusten dituzte. Sintoma bisual horiei aura deitzen zaie.

Zergatik gertatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zefaleak buruko odol-hodiak zabaltzen direnean gertatzen dira. Larruazaleko, aurpegiko edo lepoko muskuluak gehiegi estutzen direnean ere gertatzen dira.

Gauza askok eragin ditzakete aldaketa horiek buruan. Nekeak, estresak, haserreak edo tristurak sor dezakete buruko mina. Gauza bera gerta daiteke telebista ikusi edo ordenagailuko pantaila bati begiratzean. Buruko minak maiz hotzarekin, gripearekin eta beste gaixotasun batzuekin batera agertzen dira. Batzuentzat, argi distiratsuek, usain indartsuek, keak, kafeinak edo elikagai batzuek ekar dezakete buruko mina.

Zer egin daiteke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mingarriak badira ere, buruko min gehienak ez dira larriak. Atsedena hartzea aski izaten da mina pasatzeko. Botikak ere badaude buruko mina kentzeko. Migrainak tratatzeko, medikuek sendagai bereziak agintzen dituzte batzuetan.