Txikipedia:Zentzumen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizakiaren bost zentzumenak eta horietako bakoitzaren organoak.

Zentzumenak gure inguruarekin harremanetan jartzen gaituzten eta inguruko munduari buruzko informazioa ematen diguten ahalmen edo mekanismoak dira. Zentzumen nagusiak bost dira:

  • ikusmena (begien bidez ingurua ikusteko ahalmena)
  • entzumena (belarrien bidez soinuak entzuteko ahalmena)
  • ukimena (azalaren bidez objektuak sentitzeko ahalmena)
  • usaimena (sudurraren bidez usainak nabaritzeko ahalmena)
  • dastamena (mihiaren bidez zaporeak bereizteko ahalmena)

Zentzumen horiei esker ezagutzen dugu nolakoa den gure ingurua eta haien bidez jasotzen ditugu inguru horretatik jasotzen ditugun mezuak. Nerbioen bitartez iristen da informazio hori nerbio-sistemaren gune nagusira, burmuin edo garunera, alegia, eta bertan erabakitzen da nolako erantzuna eman informazio edo estimulu horiei; nerbioek eramaten dituzte burmuinaren aginduak muskuluetara edo behar den lekuetara. Izan ere, gure nerbio-sistemak kanpotik jasotzen ditugun estimuluen arabera funtzionatzen du.

Adibidez, zentzumenen bitartez izaten ditugu sentsazioak (zaporeak, usainak, tenperatura, hotsak, koloreak, etab.), eta sentsazio horiek burmuinera iristen dira nerbioen bidez; zehazkiago hitz eginez, zentzumen-organoen amaieran dauden nerbioek jasotzen dituzte sentsazioak, eta nerbioetako neurona-kateen bitartez transmititzen dira: neurona bakoitzak dena delako seinale edo sentipena jaso eta hurrengo neuronari pasatzen dio, harik eta burmuinera iristen den arte; hantxe "sentitzen" ditugu koloreak, usainak, zaporeak, etab.

Egia esanda, gizakiok beste zentzumen batzuk ere baditugu (guztira, bederatzi izango lirateke): tenperaturaren zentzumena (termozepzioa), presioarena, minarena eta oreka edo propiozepzioa (gure gorputz-atalak non dauden jakiteko ahalmena, baita begiak itxita ditugunean ere).