👶 Jaiotza K.a. 63ko irailaren 23a Erroma |
💀 Heriotza 14ko abuztuaren 19a Nola |
🔨 Lanbidea Antzinako Erromako politikari |
📷 Argazkiak ikusi |
Zesar Augusto antzinako Erromako lehenengo enperadorea izan zen. Agintaldi oparoa izan zuen, aberastasun, bake eta lorpen kultural ugari lortu zituen; horrela, haren denborari Augustoren Garaia izena eman zioten.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zesar Augusto K.a. 63an jaio zen. Jaiotzez Gaio Oktavio (Gaius Octavius) zuen izena. Aita erromatar senataria zen, eta ama Julio Zesarren iloba zen. Zesarrek Erromatar Errepublikaren kontrola K.a. 49an hartu zuen, baina K.a. 44an hil zuten eta orduan jakin zuen Oktaviok hurrengo agintaria izateko aukeratu zuela Zesarrek.
Marko Antonio, Zesarren jeneral nagusia, Oktavioren aurka lehiatu zen boterea eskuratzeko. Oktaviok erromatar armadaren eta senatuaren babesa eskuratu zuen. Ofizialki Zesarren seme adoptatua izendatu zuten, eta Gaio Julio Zesar Oktavio zein Oktavio izenez ezagutzen zuten.
K.a. 43an onartu zuen bere boterea partekatzea Marko Antoniorekin eta Lepidorekin, Zesarren jarraitzaileetako batekin. Hala ere, hiruren arteko lehia ez zen bukatu. K.a. 32an, Oktaviok boteretik kendu zuen Lepido. Horrela, hegoaldeko lurralde erromatarren agintea Oktavioren esku geratu zen; ekialdekoa, berriz, Antonioren esku.
Antoniok ez zuen bere lurraldea zaindu. Egiptoko Alexandrian denbora luzez egon zen, hango Kleopatra erreginarekin. Oktaviok publikoki adierazi zuen Antonioren eta Kleopatraren arteko harremanak Erroma kaltetzen zuela. Gerra deklaratu zien Antoniori eta Kleopatrari eta garaipena lortu zuen K.a. 31n.
Historialarien arabera, Oktavioren garaipenak Erromatar Errepublikari amaiera eman zion eta hasiera eman zion Erromatar Inperioari. Erromatar mundu osoaren kontrola zuen orduan Oktaviok. K.a. 27an Senatuak Augusto (sagratu) izendapena eman zion.
Augustoren armadek Erromatar Inperioarentzat lurralde gehiago konkistatzen jarraitu zuten, 9. urtean germaniarrek gelditu zituzten arte. Hortaz, Erroma hobetzeko helburuari ekin zion. Hiriak sortu zituen, bideak eraiki zituen, nekazaritza sustatu eta artea suspertu zuen. 14. urteko abuztuaren 9an hil zen. Tiberio seme adoptatua bihurtu zen enperadore.