Wikipedia, Entziklopedia askea

Zeus

Eduki-taula

Zeus jainkoa

Zeus greziar mitologiako jainko nagusia zen, gainerako jainkoen buruzagia. Zerua eta lurra gobernatzen zituen bere bizilekua zen Olinpo mendiaren tontorretik. Zeus greziar jainkoa Jupiter erromatar jainkoarekin lotua dago, ezaugarri asko partekatzen zituztelako. Zeusen ikurrak arranoa eta tximistak, arma gisa erabiltzen zituenak.

Bertatik, gizakiek egiten zuten guztia ikus zezakeen. Trumoiak, tximistak, euria eta haizeak bidaltzen zituen lurrera haserretzen zenean eta gizakiak zigortu nahi zituenean; izan ere, tximisten eta trumoien jainkoa zen. Baina gizaki zintzoak saritu ere egiten zituen, eta hirien, etxearen, jabetzen eta gonbidatuen babeslea zen.

Mitoaren arabera, Kronos eta Rea titanak ziren haren gurasoak, eta bost anai-arreba zituen: Hades, inframunduko zaintzailea; Poseidon, itsasoko jainkoa; Demeter, naturaren jainkosa; Hera, ezkontzen jainkosa; eta Hestia, familia eta etxearen jainkosa.

Titanak behin mundua gobernatu zuten erraldoiak ziren. Kronosek, Zeusen aitak, jakin zuen bere semeetako batek suntsituko zuela. Hori ez gertatzeko, jaio eta berehala seme-alabak irensten zituen. Baina Zeus jaio zenean, Reak Kronos engainatu zuen; harkaitz bat irentsarazi zion, oihalez bildua, umetxoaren ordez, eta haitzulo batean ezkutatu zuen. Hazi zenean, Zeusek gerra bat zuzendu zuen titanak boterea uztera behartzeko. Hamar urteren ondoren, anaien laguntzarekin, Zeusek gerra irabazi zuen, titanak Tartarora (infernura) bidali zituen eta jainko nagusi bihurtu zen.

Zeusen emaztea Hera jainkosa zen. Harreman ekaiztsua izan zuten. Zeus beste jainkosa eta emakume askorekin maitemindu zen, eta Hera oso jeloskor jartzen zen. Zeus emakume berri batengana hurbiltzen zenean, askotan animalia baten itxura hartzen zuen, adibidez, zisne bat edo zezen bat. Zeus haur askoren aita zen, Apolo eta Ares jainkoak eta Artemisa eta Atenea jainkosak barne.