Txikipedia:Zientzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Zientzia gizakiak mundua ulertzeko eta jakintza lortzeko duen metodo edo bide seguru bat da; probetan oinarritzen da, ez uste edo sineste soiletan. Gizakiak bere ingurua ikertuz lortutako ezagutzen multzoari ere deitzen zaio zientzia. Horrelako jakintzak eta ezagutzak lortzen saiatzen diren ikertzaileei zientzialari deitzen zaie.

Zientzia modernoan, halako fenomeno bat egia zientifikoa izateko, oinarri-oinarrizkoa da fenomeno hori errepikagarria eta neurgarria izatea. Hau da, norbaitek esaten badu aurkitu duela harria urre bihurtzeko edo minbizia sendatzeko modua, beste zientzialariei azaldu behar die nola egin duen hori, beste zientzialariek ere hori egin ahal izateko. Batzuetan, jendeak ustekabean edo kasualitatez deskubritzen du zerbait; baina zientzialariek denbora ematen dute ikerketak egiten eta ikusten zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.

Zenbat zientzia daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan esaten da: "Zientziak dio hori horrela dela". Baina, berez, ez dago zientzia bakar bat. Zientzia asko daude, ikertzen dute gaiaren edo alorraren arabera. Hizkuntzalaritzak, adibidez, hizkuntzaz arduratzen den zientzia da; Geografiak lurrarekin zerikusia duen guztia aztertzen du.

Gai edo alor horiek, oro har, hiru sail edo adarretan bil daitezke: zientzia fisikoak, bizitzaren zientziak eta gizarte-zientziak.

Zientzia fisikoak bizirik ez dauden gauzez arduratzen dira, atomoa osatzen duten partikula ñimiñoetatik hasi eta unibertsoa bera arte. Fisika izeneko zientziak materia eta haren gainean jarduten duten indarrak aztertzen ditu. Kimika substantzien azterketa da. Astronomiak kanpoko espazioko izarrak, planetak eta bestelako objektuak aztertzea da. Matematika zenbakiak aztertzen dituen zientzia da; baina, gainera, zientziaren gainerako alor ia guztietan erabiltzen den tresna bat ere bada.

Bizitzaren zientziak izaki bizidunez eta haien ingurukoez arduratzen dira. Mundu naturalaren eta bertan bizi den guztiaren azterketa da biologia. Botanika, landareen azterketa eta zoologia, animalien azterketa, biologiaren barruko eremuak dira. Medikuntza osasunaren zientzia da. ...