Wikipedia, Entziklopedia askea

Zilbor-heste

Eduki-taula

Jaioberri baten zilbor-hestea.

Zilbor-hestea ugaztunen haurdunaldian plazenta eta enbrioi edo umekia lotzen dituen hodi biun tolesgarria da, heste itxura duena. Gizakien zilbor-hestea 56 zentimetro luze izaten da, gutxi gorabehera. Bere diametroa, berriz, 1-2 zentimetro ingurukoa izaten da.

Zilbor-hesteak, barruan, arteriak eta zainak dauzka, umekiari, odolaren bitartez, elikagaiak eta oxigenoa eramateko.

Umea jaiotzean, moztu egiten dute zilbor-hestea. Izan ere, sabel barruan dagoen bitartean, umekiak ezin du jan ezta arnastu ere bere kabuz, ea horregatik behar du zilbor-hestea. Gainera, umekiaren gorputzak behar ez dituen gaiak amaren gorputzaren bitartez kanporatzeko ere balio du.

Umea jaiotzen denean, ordea, umeak ez du zilbor-hestearen beharrik; izan ere, berehala hasiko da bere kabuz arnasten, ama esnea hartzen elikatzeko eta bere gorputzak behar ez dituen hondakinak (pixa eta kaka) kanpora botatzen. Horregatik, jaio ondoren, zilbor-hestea ebaki egiten da; zati txiki bat geratzen da umearen sabelean, baina aste gutxiren buruan erori eta zulotxo bat geratzen da, zilborra hain zuzen.

Zilbor-hestearen garrantzia ez da mugatzen haurdunaldiko bederatzi hilabeteetara. Izan ere, zilbor-hesteko odolean zelula berezi batzuk daude, zelula amak izenekoak; hauek beste mota askotako zelula-ehunak sortzeko gai dira, larruazala, muskuluak, hezurrak, organoak etab. sortzeko, hain zuzen. Gainera, zelula ama horiek hainbat gaixotasun sendatzeko ikerkuntzetan ere erabiltzen dira gaur egun.