Wikipedia, Entziklopedia askea
Goikoa serie-zirkuitua da; behekoa paralelo-zirkuitua.

Zirkuitu elektrikoak korronte elektrikoa transmititzeko instalazioak dira. Zirkuitu horien bidez argiei, aparatuei eta beste gailu askori energia emateko erabiltzen da elektrizitatea. Zientzialariek ehunka urtez ikertu dute elektrizitatea; baina XIX. mendearen hasiera arte ez zuten jakin nola sortu elektrizitate-fluxu jarraitua eta gero zirkuitu baten bidez nola bideratu.

Zirkuitu baten atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkuitu elektriko batek ondoko osagai hauek eduki behar ditu:

Elementu horiek guztiek konektatuta egon behar dute, korrontea garraiatzen jarraitzeko.

Gailu eramangarri txikietan, linternetan adibidez, bateria batek ematen du energia. Etxeetako edo eskoletako gailu gehienek zentral elektriko publikoek sortutako elektrizitatetik hartzen dute energia.

Zirkuitu batean zehar elektrizitatea garraiatzen duten kableak metalezkoak dira eta plastikoz estalita daude. Metala eroale ona da, eta, beraz, elektrizitatea erraz pasa daiteke kablean zehar. Kablearen inguruan dagoen plastikoa elektrizitatea isolatzeko eta istripurik ez gertatzeko balio du; izan ere, elektrizitatea oso ahaltsua da, eta plastikoak barruan mantentzen du, pertsonei edo beste objektu batzuei kalterik ez egiteko. Horrela, kable bateko plastikoa ukitzen duzunean, ez zaizu ezer gertatzen; baina, barruko metalezko kable ukitzen baduzu elektrizitatea garraiatzen ari den bitartean, susto handia hartuko duzu!

Etengailuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkuitu elektrikoek, zirkuituaren barruan korronte elektrikoaren fluxua kontrolatzeko, etengailuak dituzte. Norbaitek gela batean argi-etengailua edo linternaren botoia sakatzen duenean, zirkuitua osatzen du eta orduan, korrontea bonbillarantz doa. Etengailua beste aldera sakatzen denean, zirkuitua eten eta korrontearen jarioa gelditzen da.

Serie-zirkuituak eta paralelo-zirkuituak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zirkuitu elektrikoak bi modutara konfigura daitezke: seriean edo paraleloan.

  • Serie-zirkuitu batean, zirkuituaren zati guztiak bata bestearen atzetik konektatzen dira, lerro bat osatuz. Zati batetik doan korronte elektrikoa hurrengotik pasatuko da eta horrela hurrenez hurren. Serie-zirkuitu baten zati guztietan korrontea berbera da. Hala ere, korrontea gutxituko da beste elementuren bat gehitzen badugu, beste bonbilla bat, adibidez. Zirkuituaren zati bat erretzen bada, zirkuitu osoa eten egiten da.
  • Paralelo-zirkuitu batek ibilbide desberdinak ditu. Korronte elektrikoa banatu egiten da eta ibilbide bakoitzetik zati bat baino ez da garraiatzen. Ibilbide bakoitza besteetatik bereizita piztu edo itzali daiteke. Argi-zirkuitu paralelo batean, adibidez, argi batzuk edo guztiak erabil daitezke.