Txilar burusoil

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Txilar burusoil
Erica vagans.JPG
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaEricales
FamiliaEricaceae
GeneroaErica
Espeziea Erica vagans

Txilar burusoila edo ainar burusoila (Erica vagans) erikazeoen familiako zuhaixka adartsua da, 10-80 cm luzera duena. Erica generoko askorekin bat, txilar espezie-mota bat da. Etimologiari dagokiola, vagans izen espezifikoa, latinetik eratorritakoa da eta "noraezeko" esan nahi du.

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurtoin gazte arreak ditu, glabro (ilegabeak) edo pubeszenteak (ilaundunak). Zurtoinak, guruinik gabeko ile motz patenteak ditu.

Hostoak 4-9 mm luze eta 0,5-0,7 mm zabal eta linealak dira, 4-5naka bertiziliotan antolatuta. Hostoak ardatzean tolesten dira atzealdea ezkutatuz. Indumentuari dagokiola, glabroak dira[1]. Gaztetan, hostoek atzealdea iletsua izan dezakete eta, gainera ertz horzduna izan dezakete.


Infloreszentziak, luku-erakoak eta lore anitz kontzentratuak sortzen ditu. Oro har, luzangak dira. Pedunkulua, 7-12 mm luze [1], filiformeak eta glabroak dira. Pedunkuluek kolore gorria aurkezten dute eta behealdean hiruzpalau brakteola ditu, 0-6-1 mm-takoak.


Loreari dagokiola, honelakoak dira lau atal nagusiak: sepaloak,1-1,3 mm artekoak, oinarriari ez oso loturik agertzen dira. Obalak edo obalo-lantzeolatuak, kolore berdexkak edo arrosak izan ohi ditu. Korola, 2,5-4,5 mm-takoa, kanpai-itxurakoa eta arrosa kolorekoa da, batzutan kolore zuria aurkezten duelarik. Korolak, milimetro bateko lobulu tenteak ditu. Harizpiak 0,6 mm-takoak eta apendizebakoak dira. Obarioa glabroa da eta 3,5 mm-tako estiloa dauka.


0,4-0,6 mm-tako haziak garatzen dituzte, puxika itxurakoak. Gordetzen duen genoma diploideoa da, n=12 delarik[1]

Loraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Loraketa ekainetik irailera edo urrira arte gertatzen da[2], zonaldearen arabera. Loreak arrosa kolore oso argia du, ia zuria ikusten dena. Polinizazioa erleen bidez gertatzen da. Hala ere, Erica generoko landareak haizearen bitartez poliniza daitezke arrakasta gutxiagorekin.


Ekologia eta banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ainar burusoilak kare gabeko lurzoruak nahiago ditu, lurzoru ultrabasikoetan ere ager daitekeelarik. Banaketa zabala du: Altitudean kostaldetik goi-mendietara hel daiteke, oro har 1.600 metrotaraino[1]. Hala ere, 1.900 metrotan ere ikusi da. Zabaleran, Irlandan, Kornuallesen, mendebaldeko Frantzian, Euskal Herrian eta mendebaldeko Espainian hedatzen da.

Euskal Herrian, Kantauriar isurialdean txilar-espezie ohikoena da eta hegoaldera jo ahala haren presentzia murriztuz doa. Ohikoa da hainbat basoen (harizti, pagadi, artadi...) ordezkapen-etapan agertzen diren txilardietan haztea. Euskal Herria, Kantabriarekin batera, Espainiako gunerik aberatsena da ainar burusoilari dagokiola.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare apaingarri ezaguna da[3]. Erleak txilarren nektarraz elikatu ahal dira. Are gehiago, landare hauetatik lortutako eztia kalitate oso onekoa omen da, hainbat erabilera gastronomiko zein mediko atxikitu zaiolarik. Medikuntzari dagokiola, medikuntza herrikoian diuretiko gisa erabili da (hala nola, zistitisan).


Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Flora ibérica : plantas vasculares de la Península Ibérica e Islas Baleares. Real Jardín Botánico, C.S.I.C 1986-<2017> ISBN 9788400062217 PMC 15529745 . Noiz kontsultatua: 2019-02-24.
  2. Iñaki., Aizpuru,. (1990). Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaisken gidaliburua. (1. ed. argitaraldia) Eusko Jauralitzaren Argitalpen-Zervitzu Nagusia ISBN 8475429068 PMC 30568476 . Noiz kontsultatua: 2019-02-24.
  3. A-Z encyclopedia of garden plants. ([3rd ed.]. argitaraldia) Dorling Kindersley in association with the Royal Horticultural Society 2008 ISBN 9781405332965 PMC 299238159 . Noiz kontsultatua: 2019-02-24.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]